Itxi

HAUTESKUNDEAK

Hautetsontziak itxita, hasi da boto-zenbaketa Galizian

eitb media

Leer en Castellano

17:00etan parte-hartzea duela lau urte baino sei puntu altuagoa zen. Datu ofizialen arabera, atzerrian dauden galiziarren botoak kontuan izan gabe, gaur botoa emateko eskubidea duten 2,2 milioi boto-emaileen 1.090.159k eman dute botoa arratsaldeko bostetarako.

Jendea boto-paperak aukeratzen. Argazkia: EFE

20:00ak puntuan itxi dituzte hautetsontziak Galizian, eta horrekin batera, hasi da boto kontaketa. 

Hauteskundeetako parte-hartzea % 49,17koa zen 17:00etan, 2020ko hauteskundeetan baino % 6,20 altuagoa (% 42,97koa izan zen orduan).

Datu ofizialen arabera, atzerrian dauden galiziarren botoak kontuan izan gabe gaur botoa emateko eskubidea duten 2,2 milioi boto-emaileen 1.090.159k eman dute botoa arratsaldeko bostetarako.

Aspaldiko urteetako ikusmin handiena piztu dute igande honetako Galiziako Parlamenturako hauteskundeek. Lehia estua aurreikusten da, eta ikuskizun dago Alderdi Popularrak (PP) azken lau legealdietan izan duen gehiengo osoari eusten dion.

Rueda, "baikor"

Alfonso Rueda PPren presidentegaiak Pontevedran eman du botoa, eta esan du Galizia "parte-hartzearen eredu" izatea nahi duela eta "baikor" dagoela lortuko duen emaitzaren aurrean.

Hautagai popularrak hauteslekuetara joateko deia egin die herritarrei, "albiste bikaina izango litzatekeelako parte-hartzea altua izatea".

"Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta jende gehiago ohartuko da Galiziaren etorkizuna erabakiko dela gaur", gaineratu du.

Pontonek "parte-hartze masiboa" eskatu du

Hautagai goiztiarrena botoa ematen Ana Ponton (BNG) izan da, eta "parte-hartze masiboa" eta "ilusioz eta itxaropenez" bozka dezatela eskatu die galiziarrei, Galiziak "historia egin dezakeen" egun honetan.

"Ilusio handiz bozkatu dut, itxaropentsu, eta badakit milaka galiziarrek partekatzen dutela nire ilusioa eta itxaropena, eta nahi eta amesten duten Galizia eraikitzeko joango direla botoa ematera", esan du.

BNGren hautagaiak esan du "historia" egiteko "parte-hartze masiboa" behar dela, eta nazioaren oraina eta geroa daudela "jokoan". "Garai berri bati ateak ireki nahi dizkioten guztiek bozkatzen badute, ziur nago gertatuko dela", azpimarratu du.

Besteirok "oso sentsazio onak" ditu

Jose Ramon Gomez Besteiro PSdeGk Galiziako Xuntarako aurkeztu duen zerrendaburuak Lugon eman du botoa, familia aldamenean zuela, eta hedabideei esan die "oso sentsazio onak" dituela lor dezakeen emaitzaren aurrean. "Baina, beno, ikusiko dugu zortzietatik aurrera", gehitu du hauteslekuak itxi ondoren hasiko den zenbaketaren harira. "Oso gutxi falta da, laster jakingo dugu", azpimarratu du.

Gogorarazi duenez, gaurko bozketan herritarrek "etorkizuneko zein Galizia" nahi duten erabakiko dute, eta kanpainan sozialistek proposamenak jarrera "positiboarekin" egin dituztela erantsi du.

Loisek "parte-hartze handia" espero du

Azkenik, Marta Lois Sumarren hautagaia "ilusioz" joan da botoa ematera, "egun berezia" izango delakoan. Santiagon eman du botoa, eta parte-hartze demokratikorako deia egin du.

"Gure herrialdearen etorkizuna aukeratzeko ahalmena" dutela gogorarazi die galiziarrei.

2,6 milioi boto-emaile

2,6 milioi boto-emaile daude hauteskundeetan parte hartzera deituta, eta litekeena da kanpoko botoek (ia % 18) izatea giltza. Gaurko bozketan, 2,2 milioi herritarrek eman dezakete botoa, gainerakoek atzerrian eman baitute aurreko egunetan.

Hauteslekuak 09:00etan ireki dituzte eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Ordutik aurrera jakingo dira lehenengo emaitzak, nahiz eta ez diren behin betikoak izango atzerrian bizi diren galiziarren botoak zenbatu arte.

3.951 hauteskunde mahai jarri dituzte Galiziako lau barrutietan zehar, 2.346 hauteslekutan banatuta.

Hauteskundeei buruzko lehenengo prentsaurreko ofiziala 10:30ean izan da, mahaien osaketaren inguruko informazioarekin, eta 12:30ean eta 17:30ean parte-hartzeari buruzko datuak eman dituzte. Azkenik, 21:30ean, Santiago Villanueva Larrialdi eta Barne Gaietarako zuzendariak behin-behineko emaitza ofizialen berri emango du.

Inkesta

CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak joan den astean zabaldutako inkestaren arabera, BNGk nabarmen egingo luke gora (24-31 eserleku), eta PPk irabazi bai (34-38), baina ez luke gehiengoa izango. PSdeGk hirugarren postuari eutsiko lioke (9-14), ordezkariren bat edo beste galtzeko arriskuarekin.

Alfonso Rueda (PP), Ana Ponton (BNG), Jose Ramon Gomez Besteiro (PSdeG) eta Marta Lois (Sumar) dira Xuntako presidente izateko hautagai nagusiak. Ponton izan ezik, gainerako hirurak berriak dira lasterketa honetan.

Xuntako presidente izateko hautagai nagusiak: profilak eta proposamenak

Pontonek eta Besteirok dagoeneko esan dute elkarrekin gobernua osatzeko prest egongo liratekeela, Ruedaren PP boteretik kentzeko aukera izanez gero. Sumar eta Vox, berriz, Ganberatik kanpo gera daitezke.

Albisteak (2)

Bideoak (5)

Galeriak (1)