GALDEKETA
PPk irabaziko lituzte Galiziako hauteskundeak eta gehiengo osoari eutsiko lioke, FORTAren galdeketaren arabera
EITB MEDIA
38 eserleku behar dira gehiengo absolutua lortzeko, eta PPk, inkesta horren arabera, 39-40 eskuratuko lituzke. BNG izango litzateke bigarrena, 25-26 eserleku eskuratuta.
20:00etan itxi dituzte Galizian hauteslekuak, eta hasi da zenbaketa. Datu ofizialen faltan, GAD3 enpresak Fortarako egin duen galdeketa eskuratu du ETBk. Horren arabera, PPk 39-40 eserleku izango lituzke; bi galduko lituzke, baina gehiengo osoari eutsiko lioke, 38 eserleku behar baitira.
BNG alderdiari botoetan gorakada nabarmena aurreikusten zioten inkesta guztiek; izan ere, galdeketa horrek 25-26 eserleku ematen dizkio Ana Pontonen alderdiari, gaur arte izan dituen 19 eserlekuak baino 6-7 gehiago.
PSdeGk, galdeketa horren arabera, egun dituenak baino 4 ordezkari gutxiago izango lituzke: 9-10 aurreikusten dizkio galdeketak.
Democracia Ourensana alderdiak, berriz, baliteke ordezkari bat lortzea.
Xuntak egun duen itxura aldatuko litzateke, hortaz, datuak baieztatzen badira.
Badirudi Sumarrek ez lukeela eserlekurik lortuko.
Horrela, PPk gehiego absolutua lortzen badu, ezkerreko blokeak ezingo luke ezer egin boterera iristeko.
Dena dela, esan bezala, galdeketaren datuak dira, ez ofizialak. Oraingoz zabaldu den datu ofizial bakarra parte-hartzearena da.
Parte-hartzea % 49koa izan da 17:00etarako, orain 4 urte baino 6 puntu handiagoa.