Itxi

Espainia

Diputatuen Kongresuak justizia unibertsala berreskuratzeko lehen urratsa eman du

EITB Media

Leer en Castellano

PSOEk, Sumarrrek eta Espainiako Gobernuaren bazkideek babestu egin dute ekimena, Mariano Rajoyren Gobernuak 2014an egindako murrizketek Espainiako jurisdikzio unibertsala lurperatu zutela iritzita.

Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE

Kongresuaren gehiengoak justizia unibertsala berreskuratzeko eta Espainian munduko edozein tokitan egindako genozidio edo gizateriaren aurkako krimenak epaitu ahal izateko Sumarrek bultzatutako lege-proposamena tramitatzea babestu du gaur.

Oraingo honetan, PPk eta Voxek erreformaren aurka agertu dira, eta Sumar, Podemos eta BNGko bozeramaileek Israeli Gazan genozidioa egitea leporatzen zioten bitartean.

PSOEk, Sumarrek eta Espainiako Gobernuaren bazkideek babestu egin dute ekimena, Mariano Rajoyren Gobernuak 2014an egindako murrizketek Espainiako jurisdikzio unibertsala lurperatu zutela iritzita.

Enrique Santiago Sumarreko bozeramailearen hitzetan, "akats historiko barkaezina" zuzendu behar da, eta gogorarazi du Espainia aitzindaria izan zela munduko beste leku batzuetan zigorrik gabe geratzen diren delitu larriak jazartzen, eta "agindu humanitarioa" dela gizateriaren aurkako krimenen, torturen, genozidioaren edo behartutako desagerpenen biktimei babesa bermatzea.

2009an, jurisdikzio unibertsala erreformatu egin zen baldintza bezala tartean biktima espainiarrak egon behar zirela ezarriz. Santiagok aditzera eman du Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak Israelen eskaera baten aurrean men egin zuela orduan, Auzitegi Nazionalean estatu sionista ikertzen ari baitziren.

"Nazioarteak inpunitatea eragozteko tresna gehiago izan balitu, agian gaur egun planetako biztanle guztiek zuzenean ikusten duten herri palestinarraren genozidioa ez litzateke egiten ari", salatu du.

Hana Jalloul diputatu sozialista bat etorri da 2014ko erreforma iraultzeko beharrarekin. Erreforma horrek krimenaren egilea espainiarra izatea, Espainian bizitzea edo Espainian egotea eskatzen du. Horregatik, 2009ko eredua aldarrikatu du, Espainia giza eskubideen defentsan erreferente izatea ahalbidetu zuen "bidezko" tresna.

Bestalde, ERCren eta Juntsen hitzaldien ardatza kritikak izan dira. "Zer neurri jarriko ditugu justizia, unibertsala ez ezik, hemengoa ere, Katalunian, justizia izan dadin bermatzeko?" galdetu du Pilar Vallugerak (ERC), eta Josep Maria Cervera Junts alderdiko bozeramaileak epaileen "errepresioaren" aurka egin du berriro.

EAJk babestu egin du ekimena tramitatzea, eta EH Bilduk ere, baina Jon Iñarritu koalizio subiranistako bozeramaileak ez du ezkutatu beldurra, iraganean gertatu den bezala, armairu batean geratu daitekeelako zenbait ministeriok planteatu ditzaketen zalantzen aurrean.