Euskara
Jaurlaritzak arratsaldean onartuko du Euskara Normalizatzeko Dekretu berria
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gobernu bilera asteartean zen egitekoa hasiera batean, baina atzeratu egin zuten, lehendakariaren ama hil zelako.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu bilera gaur arratsaldean egingo da Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretu berria onartzeko.
Bilera astearte goizean egitekoa zen, baina atzeratu egin zuten, Iñigo Urkullu lehendakariaren amaren osasun egoerak okerrera egin zuelako. Gainera, hil egin zen handik eta ordu batzuetara.
Horrenbestez, Gobernu bilera, Urkullu buru dela, gaur egingo da azkenean, 17:00etan. Bertan, euskararen dekretu berria onartuko dute, Jaurlaritzak sektore publikoan hizkuntza-eskakizunak esleitzeko sistema malgutzeko.
Gainera, euskaraz lan egiten duten administrazioei euskara jakitea beharrezkoa den enplegu publikora iristeko hautagaiei probak euskaraz egiteko aukera emango die.
Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretu berriaren testua euskararen tratamenduari buruzko arauen aurkako epai judizialetara egokitu da euskal administrazioetan, eta aho batez onartu du Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak.
Horrek indarrean dagoen dekretua ordezkatuko du, 1997koa, eta hizkuntza normalizatzeko irizpideak "garai berrietara" egokituko ditu. Helburua herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea da, neurri "malgu, progresibo eta egingarrien" bidez.
Dekretua langile publikoak dituzten Eusko Jaurlaritzako sail guztiekin kontrastatu da, baita Legebiltzarreko alderdiekin, hiru foru-aldundiekin, Eudelekin, sindikatuekin edo elkarteekin ere, euskararen normalizazioan urrats berriak "pixkanaka, malgutasunez" emateko "ahalik eta adostasun handiena" lortzeko.