Itxi

'Koldo auzia'

Abalosek baztertu egin du dimisioa ematea, baina 'Koldo auzia' ministro zela lehertu balitz egingo omen zukeen

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Ministro espainiar ohi eta PSOEren diputatu denak azpimarratu duenez, oraingoz "akusazioa politikoa eta mediatikoa da, ez judiziala". Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan du "ustelkeriaren aurkako borrokak gupidagabea" izan behar duela, "erortzen dena erortzen dela ere".

Abalos, eta atzean, Koldo Garcia. Argazkia: EFE

Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro ohi, PSOEren antolakuntza idazkari ohi eta egun diputatu denak iragarri du ez duela dimisioa emateko asmorik, baina onartu du Koldo auzia Gobernuko kide zenean lehertu balitz, egingo zukeela.

"Diputatua naiz orain, ez naiz ministroa. Hori ni ministro nintzela gertatu izan balitz, argi dago dimisioa eman beharko nukeela" esan du Abalosek La Sextan egin dioten elkarrizketa batean. Ildo horretan, orain ez dela Gobernuko kide nabarmendu du, eta diputatu gisa dituen funtzioen esparruan ez duela "inolako erantzukizunik".

Abalosek gogorarazi du ez dagoela "ezergatik akusatuta" eta ez dagoela inolako ustelkeria saretan inplikatuta, eta edozein kasutan ere "langileak hautatzeko gaitasun politikorik eza" leporatu dakiokeela, dezepzionatu duten pertsonengan konfidantza izatea, alegia. "Horrek politikoki gaitasungabetzen banau, agian bizitza osorako gaitasungabetzen nau gauza guztietarako (...) izugarria iruditzen zait", defendatu da.

Lehenago, El Paisek egin dion elkarrizketan berretsi du "akusazioa politikoa eta mediatikoa" dela, ez dagoela bere kontrako akusazio judizialik. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egin ote duen galdetuta, erantzun du ezetz, ez diola enbarazu egin nahi, eta badakiela berak zer pentsatzen duen eta badakiela "leiala" dela.

Sanchez: "Ustelkeriaren aurkako borrokak gupidagabea izan behar du"

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ez du kasua espreski aipatu larunbat honetan Ferrazen, Nazioarteko Sozialistaren irekieran, baina bere Gobernuak "ustelkeriaren aurka hartutako konpromisoa irmoa" dela defendatu du eta horren aurka "gupidagabea" izan behar dela ere berretsi du: "ustelkeria edonondik datorrela eta edonor erortzen dela ere".

"Alderdi Popularra agintean zegoenean gertatu bezala, eurekin zerikusia dutelako justiziaren ikerketa oztopatzen dutenen aurrean, guk erabateko lankidetza dugu justiziarekin kasuaren amaierara iristeko", adierazi du Sanchezek.

Albisteak (3)

Bideoak (2)