EAE-ko hauteskundeak
Lehendakariak hauteskundeak deitzeko dekretua sinatu du
EITB MEDIA
Dekretua bihar, asteartearekin, argitaratuko dute EAEko Aldizkari Ofizialean, eta une horretatik aurrera Eusko Legebiltzarra desegingo dute. Bozak 54 egunen buruan egingo dira, hots, apirilaren 21ean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean, 08:00etan, izenpetu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitzeko dekretua. Bozak, jakina denez, apirilaren 21ean egingo dira EAEn.
Dekretua asteartean argitaratuko dute EAEko Aldizkari Ofizialean (EHAA), eta orduan desegingo da Eusko Legebiltzarra, abian jarrita bozetarako atzera kontaketa.
Hauteskunde egutegiaren arabera, Hauteskunde Batzordea martxoaren 1ean eratuko da, eta indar politikoek bost egun (hilaren 13tik 18ra) izango dituzte hautagaitzak aurkezteko. Zortzi egunen buruan argitaratuko dira hauteskunde zerrendak. Kanpaina Pazko ostiralean, apirilaren 5ean, abiatuko da, eta betiko moduan, 15 egun iraungo ditu. Hausnarketa egunaren ondoren, bozak apirilaren 21ean egingo dira.
Hauteskundeen makinaria martxan jarri bezperan, Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen helegitea aurkeztu zuela Auzitegi Konstituzionalean Estatuko Etxebizitzaren Legearen aurka "eskumenak urratzen" dituela iritzita.