Diputatuen Kongresua
Espainiako Gobernuak eta haren bazkideek sekretu ofizialen legearen erreforma berriro bultzatzea babestu dute
EITB Media
Hala ere, ez da adostasunik lortu dokumentuak desklasifikatzeko epeen inguruan. EAJk berriro ekarri duen lege-proposamena da. Espainiako Gobernuak 2022an aurreproiektu bat onartu zuen, baina azkenean bertan behera geratu zen hauteskundeak aurreratzearen ondorioz.
PSOEk eta haren bazkideek sekretu ofizialen legearen erreforma bat berriro bultzatzeko ekimena babestu dute gaur Kongresuan. Sumarrek, talde politiko txikiek eta independentistek frankismoaren zirrikitutzat jotzen dute indarrean dagoen legea. Hala ere, ez dute akordiorik lortu dokumentuak desklasifikatzeko epeen inguruan.
Lege-proposamena EAJk ekarri du berriro Behe Ganberara. PP eta Vox aurka azaldu dira, bozketaren zain. 1968koa ordezkatuko duen arau berri bat onartzeko eskatzen da, desklasifikazio-epeak 25 urtera laburtuko dituena sekretu handiko dokumentuetarako, eta 10era erreserbatutakoetarako.
Espainiako Gobernuak sekretu ofizialen legearen aurreproiektu bat onartu zuen 2022an, baina hauteskundeak aurreratzearen ondorioz bertan behera geratu zen. PSOEk desklasifikazioari buruz duen jarrera finkatu zuen proposamenan: "goi sekretuko" dokumentuak 50 urtez gordeko lirateke, beste 15 urtera luzatzeko aukerarekin; "sekretutzat" jotzen direnak 40 urtez eta beste 10 urtez luzatzeko aukerarekin; "konfidentzialak" 7 eta 10 urte bitartean eta "mugatuak" 4 eta 6 urte bitartean.
Mikel Legarda EAJko diputatuak salatu du sekretu ofizialen iluntasuna eta legearen desegokitasuna Konstituzioarekiko, informazio eskubidearekiko eta Estatuko erakundeen gardentasunarekiko.
¿¿ @MikelLegarda: "El Grupo Vasco presenta de nuevo la reforma de la Ley de #SecretosOficiales para que sea precursora del cambio y para que el Gobierno español no tenga la tentación de dejar morir este asunto como en tantas ocasiones en el pasado". pic.twitter.com/DO27AnapuG
— EAJ-PNV Kongresua (@EAJPNV_Congreso) February 27, 2024
Espainiako Gobernuak sekretu ofizialak benetan erreformatu nahi ote dituen zalantzak dituela adierazi du jeltzaleak, eta indarrean dagoen legea defendatzen duen Vox arau frankistekin eroso dagoen alderdi gisa definitu du.
Sumarretik, Enrique Santiagok esan du ez duela Estatuaren babesa eta segurtasuna posible ikusten egiarako eskubidea bermatzen ez bada, eta nabarmendu du garrantzitsuena arrazoizko denborak finkatzea litzatekeela, erregimenaren zerbitzura zeuden funtzionarioek sailkatutako dokumentuek argi publikoa ikus dezaten.
EH Bilduk, ERCk eta Juntsek PSOEren erruz erreforma Parlamentuan blokeatuta geratzea deitoratu dute, anakronismoa salatu dute eta PSOEri erreforma sakonak egiteko borondaterik eza aurpegiratu diote.