Itxi

KOLDO AUZIA

Sanchezek Feijoori esan dio bere gobernuak "aurrez aurre" eta "ekintzekin" aurre egiten diola ustelkeriari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

PPko buruzagiaren arabera, Espainiako gobernuburuak "bazuen" maskaren auziaren berri eta "estali" egin zuen. Sanchezek erantzun du justiziarekin lankidetzan ari direla, ganberan ikerketa batzordea sortuko dutela eta Abalosi erantzukizun politikoa eskatu diotela.

Pedro Sanchez, Espainiako Kongresuko kontrol saioan

Koldo auzia zabalik dagoen honetan eta PPren kritiken aurrean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak kontraerasora jo du eta Alderdi Popularreko ustelkeria kasuak gogora ekarri ditu. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiaren hitzetan, Espainiako Gobernuak "bazuen" maskaren auziaren berri, eta "estali egin zuen".

Espainiako Kongresuko kontrol saioan eta Feijoori erantzunez, Sanchezek esan du bere gobernua "gupidagabea" eta "bateraezina" dela ustelkeriaren aurka. "Ustelkeria estaltzen ez duen gobernua da hau. Ustelkeria aurrez aurre borrokatzen duen gobernua da, eta ekintzekin, Justiziarekin kolaboratuz, gardentasunez eta kontuak emanez egiten du, ez zuk bezala diskurtso hutsalekin", esan du.

Gainera, Sanchezek nabarmendu du PSOEk erantzukizun politikoak bere gain hartzen dituela, "erantzukizun judizialetatik harago", eta hori PPk egiten duenaren "kontrakoa" dela.

Halaber, Sanchezek nabarmendu du justiziarekin lankidetzan ari direla, ganberan ikerketa batzordea sortuko dutela eta Abalosi erantzukizun politikoa eskatu diotela. "Ustelkeria politikatik baztertzeko iritsi ginen gobernura, eta zu hura estaltzeko iritsi zara PPren buruzagitzara", esan dio Feijoori.

Feijook bere hitzaldian Sanchezi aurpegiratu dio bazekiela maskaren auziaren berri, "gutxienez duela hiru urtetik", eta ohartarazi dio Antolaketa idazkariak ez diola suebaki gisa balioko. Buruzagi popularraren arabera, Sanchezek Abalos 2021eko uztailean kargugabetu zuen Garraio Ministerioan "zer gertatzen ari zen esan ziotelako", baina aldi berean, forudun izatea ahalbidetu zion.