EAE-ko hauteskundeak
Mahaien zozketak aurreratzea proposatuko dute hainbat udalek, jakinarazpenak Aste Santuan hel ez daitezen
EITB Media
Ezarritako epeak betez gero, Aste Santuko oporren astean, herritar asko etxetik kanpo daudenean, helarazi beharko lirateke mahaietan egoteko izendapenak. Hori horrela, kezka azaldu dute hainbat udalek, Portugaletek (Bizkaia) eta Eibarrek (Gipuzkoa) tartean.
Iñigo Urkullu lehendakariak apirilaren 21erako deitu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Data ezarrita, horren arabera zehazten dira gainerako datak ere, tartean, hauteskunde mahaietan egon beharko diren pertsonak aukeratzeko zozketak. Egutegiaren arabera, hautaketak martxoaren 23tik 27ra egin beharko dira, gerora, hilaren 24-30eko tartea dago horiek jakinarazteko, hots, Aste Santu betean.
Datei erreparatuta, litekeena da herritarren zati handi bat oporretan, etxetik kanpo, egotea. Hori horrela, hainbat udal kezkatuta agertu dira, horrek ekar ditzakeen gorabeherekin. Radio Euskadik aurreratu duenez, besteak beste, Portugaleteko (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) Udalak egoerari zelan aurre egin pentsatzen ari dira. Hiri armaginak, esaterako, zozketa aurreratzeko eskatuko dio Hauteskunde Batzordeari, jakinarazpenak herritarrei garaiz heltzen zaizkiela bermatzeko.
Jakinarazpenak aurrez aurrekoak izan behar dira, eta Udalei dagokie horiek kudeatzea, gehienez hiru eguneko epean. Zenbait kasutan, Udaltzaingoa da abisua ematearen arduraduna (udalerri txikietan, aguazila), baina beste batzuetan Correoseko langileek egiten dute zeregin hori. Gutun ziurtatu bidez egin ohi da, dagokion pertsonaren etxebizitzan.
Posta zerbitzuan ere arazoak aurreikusi dituzte. Izan ere, egun horietarako opor eta librantza egunak daude aurreikusita, Isabel Castro ESK sindikatuak Correosen duen ordezkariak Radio Euskadiri aurreratu dionez. Hala, ematen du langile falta eduki dezaketela Aste Santuan.