Itxi

''KOLDO AUZIA''

"Koldo auziko" epaileak 88 kontu korronte blokeatzeko agindu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hain zuzen ere, pandemian maskaren esleipenean izandako ustezko eroskeria sareagatik ikertzen ari diren pertsona fisiko edo juridikoei lotutako kontu korronteak dira.

Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

Pandemia garaian erakunde publikoei maskarak saltzean ustez egon ziren legez kanpoko komisioak ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko epaileak 88 kontu korronte blokeatzea agindu du. Otsailaren 21ean lehertu zen "Koldo auzia", Koldo Garcia, Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohiaren aholkulari izandakoa, atxilotu zutenean. 

Otsailaren 19ko data duen autoan hartu zuen erabakia Ismael Moreno ikerketa daraman Auzitegi Nazionaleko epaileak, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari atxikitako Guardia Zibilaren unitateak eskatuta.

Blokeatutako 88 kontu korronteak hainbat finantza erakundetakoak dira: Arquia Bank, Banca Marcha, Banco Caminos, Sabadell, Santander, Bankinter, BBVA, Indosuez Wealth Europe, Caixabank, Laboral Kutxa, Nafarroako Rural Kutxa, Caja Rural de Teruel, Caja Rural de Zamora, Cajamar, Deutsche Bank, Evo Banco eta Ibercaja.

Pandemian maskaren esleipenean izandako ustezko eroskeria sareagatik ikertzen ari diren pertsona fisiko edo juridikoei lotutako kontu korronteak dira horiek guztiak. Ustez, talde kriminaleko kide izateagatik, kapitalak zuritzeagatik, eroskeriagatik eta influentzia trafikoagatik ikertzen ari dira.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak kontu korronteak blokeatzea agindu zuen Koldo Garciaren ondarea bi urtean 1,5 milioi eurotan handitu zela egiaztatu ostean. Halaber, eskudiru kopuru handiak zituela susmatu zuten eta ondasunak beste pertsona batzuen izenean jartzen ari zela.