Itxi

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGIA

Zazpi probintzia biltzen dituen armarria kendu egin beharko dute Atarrabiako frontoiko hormatik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bertako Udalaren ekimenez margotu zuten armarria; zazpi probintzien ezkutuak eta Euskal Herria goiburua ageri dira. 2022an UPNk salaketa jarri zuen, irudi horrek botere publikoek izan behar duten "neutraltasun politikoa" urratzen duela argudiatuta.

Atarrabiako frontoian margotutako armarria. Argazkia: EITB Media

Atarrabiako udal-frontoiko paretan margotuta dagoen armarriak — Euskal Herria goiburupean, zazpi probintzien ezkutuak biltzen ditu—  "posizio politiko jakin baten aldeko" jarrera adierazten du eta "botere publikoek izan behar duten neutraltasun irizpidea urratzen" du. Hala ebatzi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, gaur kaleratutako auto batean.

Horrenbestez, atzera bota du Atarrabiako Udalak iaz Administrazioarekiko Auzietako Iruñeko 2 zenbakiko Epaitegiak kaleratutako epaiari jarritako errekurtsoa —aurretik, epaitegi horrek  eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ere armarria kentzea agindu zuten, neutraltasun printzipioa urratzen zuela argudiatuta—.

UPN alderdiaren Atarrabiako taldeak eraman zuen gaia auzibideetara. Salatu zutenez, herritar guztiei zor zaien "objektibotasuna" ez zuen errespetatu Udalak armarria margotu zuenean.

Gaur kaleratutako ebazpenak hitzez hitz dio "ezkutua sinbolo" bat dela, eta hori erabilita, "hartzaileari mezu bat" igortzen zaiola. "Frontoian margotutakoa esanahiz betetako irudia da, eta helburu apaingarria izatetik urrun, mezu politikoa helarazi nahi zaio herritarrari", epailearen iritzian.

Halaber, autoaren arabera, udal-frontoia "herritar guztien espazio publiko" bat da, eta "neutraltasuna" errespetatzea "ezinbestekoa" da.

Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak argi du armarriaren "helburua kulturala" dela, eta epaia aztertutakoan erabakiko dutela zer egin azaldu du: