ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Azken istiluei lotuta, Ertzaintzaren barruan "deskontrolatutako fenomeno bat" ikusten du Arnaldo Otegik
O. A. | EITB MEDIA
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera, Tolosan, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta berriro Donostian izan diren istiluak ikusita, "norbaitek tentsioa eragin nahi du eta ez da ezker subiranista".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Azken asteetan Tolosan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen izandako istiluetan Ertzaintzak izan duen jokabidea kritikatu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Horri lotuta, "deskontrolatutako fenomeno bat" ikusten du Ertzaintzaren barruan. "Norbaitek Ertzaintza kontrolatzen du, eta sekuentzia ikusita, Tolosa, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta berriro Donostia, oso susmagarria egiten zaigu. Norbaitek tentsioa eragin nahi du eta ez da ezker subiranista", nabarmendu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Otegik Erkorekari erantzun dio, berriro. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aste honetan iradoki zuen EH Bilduren "dendaostean" dagoela kale istiluen jatorria. Arnaldo Otegiren iritziz, akusazioak ez dauka funtsik: "Inork gutxik sinistu dezake EH Bilduk istiluak sortzea, segur aski hauteskundeak galtzeko".
Halaber, Ertzaintzaren polizia eredua auzitan jarri du, foam piloten erabilera eta dispositibo bereziak normalizatu egin direla uste baitu. Otegiren arabera, polizia ereduaz ez hitz egiteko "ahalegina" dago eta EH Bilduk horren inguruan eztabaidatu nahi duela azpimarratu du.
Bestalde, azken orduetan jakin da asteartean Realak eta PSGk Donostian jokatutako futbol partidaren atarian izandako istiluetan 44 urteko emakume batek buruan kolpea jaso zuela eta Donostia Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean jarraitzen duela. Otegik gaineratu duenez, pertsona gehiago zauritu ziren herenegun Donostian.