Elkarrizketa Radio Euskadi
Alba Garcia, Jon Hernandez eta Andeka Larrea, Sumarren zerrendaburuak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Lander Martinez Sumarren diputatuak aurreratu egin ditu A21etarako hautagai nagusiak, eta zerrenda guztiak igandean aurkeztuko dituztela iragarri du. Boto-emaileek Podemos eta Sumar koalizioen artean izan dezaketen zalantzaz galdetuta, azpimarratu du eurenak "etorkizuneko aukera argiak" dituela.
Alba Garcia Sumarren lehendakarigaia, Jon Hernandez orain arte Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkidea zena (Ezker Anitza) eta Andeka Larrea (Sumar Mugimendua) izango dira, hurrenez hurren, Sumarren Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak EAEko hauteskundeetarako. Hala iragarri du Lander Martinez Sumarren diputatuak Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskaini dion elkarrizketa batean.
Hiru lurraldeetako hautagaitzak igandean aurkeztuko dituztela zehaztu du. Azaldu duenez, "erraza izan da" hiru indarren artean (Sumar Mugimendua, Ezker Anitza eta Equo) ordezkaritzen banaketa adostea.
Koalizio itunetik kanpo geratu zen beste indarraz (Podemos Euskadi) galdetuta, Sumar Mugimenduaren idazkari nagusia ere badenak aitortu du boto-emaileek bien arteko zalantza izan dezaketela. "Sumarrek egin beharreko lanen artean dago hori, ikustarazi behar diegu ezker transformatzailearen koalizio zabala dela eta etorkizuneko aukera garbiak dituen proiektua dela". Gogora ekarri duenez, EAEn ordezkaritza duen proiektua da (zinegotziak eta batzarkideak) eta Espainiako Gobernuan bost ministro eta Presidenteordetza ditu.
Gaurkotasuneko gaiak ahotan, "positiboki" baloratu du PSOEk Junts eta ERC alderdiekin Amnistia Legearen inguruan lortu duen akordioa. Horren ustez, "gobernua sustengatzen duen gehiengoaren garaipena izan da, eta egonkortasuna emango dio legegintzaldiari".
Azkenik, Ertzaintzarekin izandako istiluen atzean interes alderdikoiak ote dauden itaunduta, adierazi du "gehiegikeria" dela hori esatea, eta azpimarratu du futbolean dagoen indarkeria eta Gasteizen, martxoaren 3ko manifestazioaren atarian, gertatutakoak bereizi behar direla. "Ni han izan nintzen, eta ikusi nuen jardun poliziala", erantsi du. Horren aurrean, Ertzaintzan eredu aldaketa egin behar dela defendatu du.