AMNISTIA LEGEA
Amnistia lege berriarekin Puigdemontek Kataluniara itzultzeko aukera izango duela esan du Turullek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
JxCateko idazkari nagusiak adierazi du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak kautelazko neurriak bertan behera utzi beharko lituzkeela legea indarrean sartzen denetik gehienez bi hilabeteko epean.
Jordi Turull JxCateko idazkari nagusiak ostegun honetan adierazi duenez, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia Kataluniara itzuli ahal izango dira amnistia legea aplikatzen denean, haien aurkako kautelazko neurriak bertan behera geratuko liratekeelako.
Atzo, PSOEk, Juntsek eta ERCk akordioa lortu zuten amnistia legearen inguruan, "prozesu independentistarekin lotura duten pertsona guztiak" babesten dituen arau bat indartzeko, "Konstituzioarekin, zuzenbidearekin, Europako jurisprudentziarekin eta Europako eta nazioarteko estandar onenekin guztiz bat datorrena".
Rac1 irrati kateari egindako adierazpenetan, Turullek esan du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak kautelazko neurriak bertan behera utzi beharko lituzkeela legea indarrean sartzen denetik gehienez ere bi hilabeteko epean; hortik aurrera, Puigdemonti egokituko litzaioke itzulerari buruzko erabakia hartzea: "Epaileren batek debekatu nahiko balu prebarikatzen ariko zen", esan du.
Tsunami Demokratikoaren kasua amnistia legean sartuko dela adierazi du Turullek, eta ziur agertu da lege berriak Auzitegi Konstituzionalaren iragazkia pasatuko duela, baina hori gertatu ezean, "2.0 Estatutuaren" egoerara itzuliko litzatekeela esan du.
Hala ere, amnistiaren aldeko akordioak ez du esan nahi JxCatek Espainiako Gobernuarekin Estatuko Aurrekontu Orokorrak adostuko dituenik, baina Junts alderdiak badaki negoziazioan "zein gai" kokatu daitezkeen, eta "akordio bat eraikitzeko" lagungarria den giroa dago.
"Aurrekontuekin, markagailua hutsean dago", esan du Turullek, eta gogorarazi du amnistia Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko itunaren parte zela.