Espainiako Gobernua
Talgo erosteko jasotako eskaintza aztertuko dutela esan du Sanchezek, egonkortasuna bermatzea lehentasun duela
Agentziak | EITB Media
Hungariako enpresa batek Talgo oso-osorik 619 milioiren truke bereganatzeko eskaintza publikoa egin du. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak nabarmendu duenez, etorkizuna egonkortzea lehenetsiko da, "proiektu estrategikoak eta lanpostuak defendatzearekin batera".
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak argitu duenez, Hungariako enpresa batek Talgo erosteko egindako eskaintza publikoa aztertu egingo du Espainiako Gobernuak, betiere enpresaren etorkizunaren egonkortasuna lehenetsita. Enpresa horrek tren zerbitzua oso-osorik bereganatzeko 619 milioi euroko eskaintza egin du.
"Lanean ari gara operazio honen xehetasunak ezagutzeko", esan du Sanchezek prentsaren galderei erantzunez, ostiral honetan Gabriel Boric Txileko presidentearekin Monetaren Jauregian izan duen bilera ostean.
Espainiako presidentearen hitzetan, sektore estrategiko batean lan egiten duen enpresa da, trenbide-mugikortasunean oinarrizko zeregina duena. "Beti babestuko ditugu estrategikoak diren proiektu industrialak, bai eta lanpostuak ere", nabarmendu du.
Horren haritik, gogoratu du Espainiak azpiegitura sendoa duela atzerriko inbertsioak aztertzeko eta kontrolatzeko. "Operazio hau aztertuko dugu eta Talgoren etorkizuneko egonkortasuna bermatzeko lan egingo dugu, hori baita hemen garrantzitsuena", esan du Exekutiboko buruak.