Itxi

Madril

Milaka pertsonak, PPren eta Voxen babesean, Cibeles bete dute Pedro Sanchezen dimisioa eskatzeko

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Manifestariek "Sanchez espetxera", "Sanchez, gezurti eta traidore", "Amnistiari ez" eta antzeko leloak oihukatu dituzte.

Elkarretaratzea Madrilgo Zibeles plazan. Argazkia: EFE

Milaka pertsona elkartu dira gaur Madrilen, Cibeles plazan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatzeko eta 'proces'eko auzipetuen amnistiaren aurka protesta egiteko. Manifestazioan izan dira, besteak beste, PPko, Voxeko eta Ciudadanoseko buruzagiak, Gobernuaren aurkako beste pertsona ezagun batzuekin batera: Rosa Diez UPyDren buru ohia, Alejo Vidal-Quadras Europako Parlamentuko presidenteorde ohia, etab.

"Arrazoiak soberan daude, Sanchez dimisioa!" lelopean, ia ehun elkartek antolatutako manifestazioan izan dira, era berean, Dolors Montserrat Europako Parlamentuko PPren bozeramailea, Ester Muñoz PPko Osasun eta Hezkuntza idazkariordea, Santiago Abascal Voxen burua, eta Adrian Vazquez eta Jordi Cañas Ciudadanoseko kideak.

Eguraldi txarrari aurre eginez eta Espainiako eta Europako banderak aldean zituztela, "Sanchez espetxera", "Sanchez, gezurti eta traidore", "Amnistiari ez" eta antzeko leloak oihukatu dituzte manifestariek.

Abascalek ironiaz hartu du Alderdi Popularrak protestan parte hartu izana. Horren hitzetan, "harrigarria da PP gaur hemen egotea espainiarrekin, herriarekin, eta asteazkenean Bruselan egotea (Felix) Bolañosekin (Presidentzia eta Justizia ministroa)".

Albisteak (1)