2024ko Aberri Eguna
EH Bilduk Iruñeko Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du
EITB MEDIA
Pernando Barrenak eta Oihana Etxebarrietak martxoaren 31n Nafarroako hiriburura hurbiltzeko deia egin diete euskal herritarrei.
Pernando Barrena EH Bilduren Europako hauteskundeetarako hautagaiak eta Oihana Etxebarrieta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren bozeramaileak agerraldia egin dute astearte honetan Iruñean, martxoaren 31n Nafarroako hiriburuan ospatuko den Aberri Egunean parte hartzera animatzeko.
Barrenak nabarmendu duenez, "ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazio bat garela eta gure etorkizuna erabaki nahi dugula. Anbizioa eta determinazio kolektiboa ditugu hori horrela dela frogatzeko, eta ziur gaude lehenago edo geroago Estatu izango garela".
Bestalde, Barrenak eta Etxebarrietak Iruñeko Aberri Eguneko ekitaldien egitaraua aurkeztu dute. Nabarmentzekoa da 12:00etan Golemetatik abiatuko den manifestazioa. "Aberri Eguna energia guztia biltzeko eta askatzeko unea izango da, pertsona berdinen eta askeen euskal errepublika eraikitzeko", adierazi du Etxebarrietak.