URTEURRENA
20 urte bete dira Angel Berrueta hil zutela, M11ren egiletza ETArekin lotzen zuen kartel bat ez ipintzeagatik
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Bi hamarkada geroago, Aitziber Berrueta alabak argi dio: "Ez da justiziarik egin. Hiltzaileak epaitu zituzten, baina hilketaren arduradun nagusia Espainiako Gobernua da". Angel Berruetak motibazio politikoko biktimaren aitortzarik gabe segitzen du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
2004ko martxoaren 13an gertatu zen, Madrilen M11ko atentatuak izan eta bi egunera. Angel Berrueta 61 urteko okina Iruñeko Donibane auzoko bere dendan hil zuten Valeriano de la Peña polizia nazionalak eta haren seme Miguel Jose de la Peñak. Aurrez, Maria Pilar Rubio bi hiltzaileon emazte eta amak eztabaida izan zuen Berruetarekin, azken horrek okindegiko erakusleihoan M11ko atentatuak ETArekin lotzen zituen kartel bat —'ETA EZ' zioen— jartzeari uko egin ziolako.
Ika-mikaren ondotik, emakumea oihuka atera zen dendatik, "puta seme hori akabatuko dut" esanez, eta handik minutu gutxira, atzera berriz bertara itzuli zen senarra eta semea lagun hartuta. Bi horiek pistola eta aihotz banarekin hil zuten Berrueta.
Bi hamarkada geroago, Angel Berruetak motibazio politikoko biktimaren aitortzarik gabe jarraitzen du. 2005ean Nafarroako Lurralde Auzitegian egin zen epaiketan, herri epaimahaiak ebatzi zuen "motibazio ideologikoak" eragindako gertakaria izan zela, eta 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zion Valeriano de la Peñari, eta 15ekoa semeari. Emakumea ere zigortu zuten, baina ondoren Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen. Orduan Foru Erkidegoko fiskal nagusi zen Javier Muñoz Cuestak "bizilagunen arteko liskar" baten ondorio jo zuen gertatutakoa.
EITB Mediari eskainitako elkarrizketa batean, Aitziber Berrueta hildako okinaren alabak argi hitz egin du: "Ez da justiziarik egin. Hilketaren egileak epaitu ziren, baina nire aitaren heriotzaren arduradun nagusia Espainiako Gobernua da". "Jada berandu" den arren, aitortzaren zain daudela dio. Garai hartan esan ziren "gezurrek", mina areagotu besterik ez dutela egin erantsi du.
Hain zuzen, joan den astelehenean Iruñeko Udaleko Udalbatzak "Angel Berrueta eta bere familia motibazio politikoko biktima gisa aitortzea" eskatu zion Nafarroako Gobernuari. Onartutako testuaren arabera, hilketa "Alderdi Popularraren Gobernuak nahita sustatutako amorru politikoaren giroan izan zen, Madrilgo M11ko atentatuen ostean", eta "Justizia Auzitegi Nagusiak larrigarri gisa aitortu zuen motibazio ideologikoa, izaera politikoko krimena izan zela baieztatuz".
Urtero bezala, gertakarien urteurrenean, Angel Gogoan plataformak ekitaldia egingo du hilketa izan zen lokalaren atarian, Iruñeko Martin Azpilikuetan kalean.