Atxiloketa
Arturo Villanueva Segiko ustezko kidea atxilotu dute Lapurdin
Erredakzioa
Poliziaren esanetan, ETAko zuzendaritzarekin harremanetan izan da etengabe, eta nazioarteko harremanetarako sailean lan egiten zuen.
Arturo Villanueva, “Beñat”, ETAko ustezko kidea atxilotu du Frantziako Poliziak, Urruñan, eta Paueko Apelazio Auzitegira eraman dute. Bertan erabakiko dute Espainiara estraditatu ala ez. 2003tik ihes eginda zegoen.
Iturri judizialen arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako euroagindu bati jaramon eginez atxilotu dute Arturo Villanueva, kale indarkeria eta terrorismoa egotzita.
Frantzian ebatzi gabeko auzirik ez duela jakinarazi dute iturri horiek, eta atxilotu ondoren Paueko Auzitegira eraman dutela gaineratu dute. Bertan emango zaio euroaginduaren berri.
Orain arte, Villanueva hiru aldiz atxilotu du Poliziak; bi aldiz, 1998an, eta beste behin, 2000. urtean.
Operazioa zabalik dago oraindik.
Ezker abertzaleak Frantziako Gobernuari errepresioa albo batera uztea eskatu dio
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak Arturo Villanueva Segiko ustezko kidea atxilotzea errefusatu du, eta Frantziako Gobernuari errepresio neurri hauek albo batera uztea eta erantzukizunez jardutea eskatu dio.
Ugarteburuk esan duenez, Villanuevak “bizitza erabat publikoa” egin zuen, eta atxiloketa salatu du, “Euskal Herrian irekitako bake eta irtenbide demokratikoaren prozesua oztopatzeagatik”.
"Euskal herritarren jazarpen politikoak ez du sufrimendua luzatu besterik egiten”, esan du, eta Euskadiko jende gehienak salbuespen politika hauekin jarraitzea ezin daitekeela ulertu uste duela gaineratu du.