Itxi

Diputatuen Kongresua

Amnistia Legea, onartuta

EITB Media

Leer en Castellano

Gehiengo osoarekin onetsi dute testua, PSOEren eta bere bazkideen 178 aldeko botoekin. Kontrako 172 boto izan dira, PP, Vox, UPN eta CC alderdienak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Oraingoan, ezusterik gabe. Kongresuko osoko bilkurak Amnistia Legea onartu du gaur, gehiengo osoarekin (176 botoan dago ezarrita). 

Urtarrileko lehen bozketan ez bezala, Juntsen zazpi diputatuek PSOEren eta inbestidurako bazkideen gisan bozkatu dute, eta testuak aldeko 178 boto jaso ditu. Aurrekoan bezala, eskuinak (PP, Vox, UPN eta CC, 172 boto) kontra egin du. 

Araudiaren irizpenak Justizia Batzordearen oniritzia jaso zuen gaur zortzi, sozialistek, Juntsek eta ERCk proiektuari aurkeztutako erdibideko zuzenketan jasotako aldaketak barne zituela.  Horrenbestez, Pedro Sanchezen inbestidurari babesa ematearen truke, PSOEk Kataluniako bazkideei agindutako lege giltzarria Senatura bidean da jada. 

Kongresuak onartutako testuak prozesu independentistarekin lotutako pertsonen erantzukizun penal, administratibo eta kontablea ezabatu, eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia Espainiara itzultzeko atea irekiko du. Araudiak une erabakigarrian jaso du oniritzia, Katalunian hauteskundeak aurreratu berritan. Hain justu, Junts eurodiputatuak ez du baztertu bozetara aurkeztea, amnistia legea baliatuta. 

GAKOAK

- Terrorismo delituei dagokienez, Zigor Kodeko erreferentziak kendu dituzte, eta Europako legedia aplikatuko da

- Traizio delituetan, NBEk hala jotakoak bakarrik geratuko dira amnistiatik kanpo

- "Aberasteko asmorik izan ez bada" dirua bidegabe erabiltzeagatik ezarritako zigorrak bakartuko dira 

- Tortura kasuetan, "gutxieneko larritasun maila bat gainditzen ez dituztenak" bakarrik amnistiatuko dituzte

- Amnistiaren aplikazio-eremua bi hilabetez luzatu: 2011ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra

- "Mozal Legea" aplikatuta ezarritako isunak itzultzeko aukera

- Epaileei dagokie amnistia jaso dezaketen pertsonak identifikatzea

Bozketaren aurretik nahiz ondoren, talde parlamentarioek euren jarrera azaldu dute. 

Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagiak gogor jardun du legearen kontra. Horren ustez, araudiak "Espainia eta Katalunia bitan zatitzen ditu". Gainera, ohartarazi du legeak ez duela "Senatuaren, justiziaren eta biztanleriaren bahea pasatuko". 

Patxi Lopezek, PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak Francina Armengol Ganberako presidentea babestu du, eta Kataluniarekiko politiketan ziklo bat itxi dela adierazi du. Halaber, PPri leporatu dio nahiago izatea lurralde batzuen eta besteen eta haietako jendarteen arteko banaketa eta gatazka, eta ziur agertu da, behin denbora bat igarota, popularrek "Amnistia legea erosiko" deutela, lehen beste arau batzuekin egin zuten gisan, ezkontza homosexualena, adibidez.

Jon Iñarritu EH Bilduko parlamentariaren iritziz, gaurkoa "egun ona da", legea onartzearekin "auzi katalana" epaitegietatik atera behar dela uste duen gehiengoa dagoelako Kongresuan, nahiz eta, bere ustez, lege horrek "etsai asko dituen, hemen eta kanpoan'' 

Mikel Legarda EAJko bozeramaileak bat egin du Kataluniako indarrekin "Espainiako epaileen jazarpen obsesiboa" salatzeko, eta amnistia babestearekin "ziklo politiko dramatiko bat ixten'' dela esan du bozketa ostean. Jeltzaleek berretsi dute amnistia babesten dutela "konpondu gabeko gatazka instituzional bati" aurre egiteko.

Amnistiaren Legea onartu ostean, Miriam Nogueras Junts per Catalunyak Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak esan duenez ''Helburua gure herriaren, Kataluniaren, independentzia da'' eta, bide horretan, gaurko pasuo bat gehiago da; "hau ez da puntu eta amaiera bat. Politika egiten jarraituko dugu, berdinen artean".

Bideoak (1)