Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Anbulatorioan hitzordua eskatzen dutenak gehienez 48 orduko epean artatzeko konpromisoa hartu du Pradalesek

O. A. | EITB Media

Leer en Castellano

EAJren lehendakarigaiaren arabera, Osakidetzaren "barne berrantolaketa" egin behar da.

Imanol Pradales, Radio Euskadin

Osakidetzako Lehen Arretan hitzordua eskatzen duten erabiltzaileak gehienez jota 48 orduko epean artatzeko konpromisoa hartu du Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, eta "larria bada, egunean bertan". 

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Pradalesek azaldu duenez, Osakidetzaren "barne berrantolaketa" egin behar da. Medikuak eta, oro har, osasun profesionalak falta direla onartu du, baina hori albo batera utzi gabe, Lehen Arretaren autoantolaketarako eredu ezberdinak bilatzearen alde egin du. Bide horretatik arreta hobetu daitekeela nabarmendu du.

Bestalde, Arnaldo Otegik Ertzaintzak "jatorrira" itzultzeko beharra duela azpimarratu ondotik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiari erantzun dio Pradalesek. Lehendakaritzarako hautagaiak "oso larritzat" jo ditu aurreko asteko adierazpenak. "Non zegoen Otegi duela 40 urte? Zer erakunde politikotan? Nork jarri zuen dianan Ertzaintza?", galdetu du. "Agian" Ertzaintzak eta polizia ereduak "hobetzeko tartea" dutela onartu ondoren, lezioak emateko moduan ez dagoela aurpegiratu dio.

Azkenik, kutsu "populista" eta "demagogikoa" hartu dio ohiko etxebizitza erosteagatik errenta aitorpenean kenkaria kentzeko EH Bilduk egindako proposamenari. Testuinguru horretan, ohiko etxebizitzaren erosketagatiko kenkari fiskala defendatu du: "Gaur, 330.000 pertsona baino gehiago daude (etxebizitzagatik) errentan kenkaria dutenak, eta eskua poltsikoan sartzeko modu bat da".