Alderdi politikoak
Podemosek berretsi du Nafarroan ez direla Sumarren parte, eta galarazita dagoela bi alderditan militatzea
agentziak | eitb media
Pablo Fernandez Podemosen Antolakuntza idazkariak horixe adierazi du bere alderdia Zurekin Nafarroa koalizioaren barruan agertzen dela eta. Fernandezek baztertu egin du Alfaro Yolanda Diazen alderdira joatea.
Pablo Fernandez Podemosen Antolakuntza idazkariak azpimarratu du Nafarroa Ahal Dugu proiektu politiko independentea dela, ez dela Sumarren parte, nahiz eta Zurekin Nafarroa koalizioan elkarrekin egon eta Yolanda Diaz buru duen proiektuari organikoki lotutako alderdien artean agertzen den.
Gainera, gogorarazi du alderdiaren estatutuetan eta ibilbide orrian "argi" agertzen dela hori, eta debekatuta dagoela Ahal Duguko kide izanda beste alderdi bateko militante izatea. Horregatik, guztiz baztertzen du alderdikideren bat, edo Begoña Alfaro Nafarroan alderdiaren buru dena, Sumarreko kide izatea.
Sumarren txostenetan Nafarroa Zurekin ageri da alderdiaren eraketa organikoarekin konpromisoa duen alderdien artean, eta Ahal Dugu koalizio horren parte denez, galdetu egin diote Fernandezi.
"Ahal Dugu Nafarroa proiektu politiko independentea da, proiektu autonomoa. Ondorioz, argi dugu Ahal Dugu Nafarroa koalizio horretan sartuta dagoela, baina besterik gabe", berretsi du.
Alfaro Sumarreko kide izatera igaro ote daitekeen galdetuta, baztertu egin du aukera hori, eta militantzia bikoitzerako tokirik ez dagoela adierazi du.