EITB Focus
Balizko itunak: EAJk eta PSE-EEk eutsi ahalko liokete egungo koalizio gobernuari
eitb media
Lehen hiru indarren arteko edozein konbinaziok izango luke gehiengo osoa gobernua osatzeko.
EAJk eta PSE-EEk eutsi ahalko liokete egungo koalizio gobernuari apirilaren 21eko hauteskundeen ostean, eserleku aurreikuspen txikienekin ere bai, EITB Focusen arabera.
Oro har, lehen hiru indarren arteko edozein konbinazio ahalbidetzen du aritmetika parlamentarioak:
- EAJ-PSE: Jeltzaleek eta sozialistek 38-39 legebiltzarkide batuko dituzte (38koa da gehiengo osoa).
- EH Bildu-PSE: Abertzaleek eta sozialistek 39-38 izango dituzte, baina Elkarrekin Podemosen eserlekuak gehituta 41-40 izango lirateke.
- EAJ-EH Bildu: Eserleku gehien bilduko lituzkeen alternatiba politikoa da, 55, Eusko Legebiltzarraren % 75 hain zuzen ere, baina seguru aski aukera gutxien dituena da.
Nolanahi ere, kontuan hartu behar da ez dela beharrezkoa gehiengo osoa lehendakaria izendatzeko. Balizko bigarren bozketa batean, aldeko boto gehien izango lituzkeen hautagaia bihurtuko litzateke lehendakari.
Espainiako Gobernuko presidentea hautatzeko gertatzen ez den bezala, lehendakariaren inbestidura saioan hautagai bat baino gehiago aurkeztu daiteke. Gehiengo osoa behar da lehen bozketan, baina besteek baino boto gehiago izatea besterik ez bigarrenean.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak martxoaren 8tik 14ra egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.