EITB Focus
Lan-etorkizuna, osasuna eta segurtasuna dira herritarren arazo nagusiak
eitb media
Adin-taldeei erreparatuta, 18 eta 35 urte arteko gazteentzat etxebizitza dago arazo handienen artean, eta 65 urtetik gorakoek norberaren osasun egoera ere dute kezka.
Lan-etorkizuna, osasuna eta segurtasuna dira EAEko biztanleen kezka nagusiak, EITB Focus inkestaren arabera.
Hain zuzen ere, enpleguarekin lotuta dauden arazoak (langabezia, lan-etorkizuna eta soldata prekarioak) dira kezka larriena boto-emaileen % 17entzat.
Bigarren lekuan osasuna eta Osakidetza daude (% 13), eta hirugarrenean, delinkuentzia eta segurtasunik eza (% 10,2).
Adin-taldeei erreparatuta, lan-etorkizuna da berriz arazo nagusia 18-35 urteko gazteen artean, baina bigarrena etxebizitza da (% 18,9).
65 urtetik gorakoei dagokienez, osasunak du lehen postua (% 19,6), eta norberaren osasun egoerak, bigarrena (% 12,4).
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak martxoaren 8tik 14ra egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.