Delitu fiskalak
Epaitegi batek ikerketapean jarri du Ayusoren bikotekidea, iruzurra egin duelakoan
EITB Media
Madrilgo 19. instrukzio epaitegiak tramitera onartu du Fiskaltzaren salaketa, eta deklaratzera deitu ditu Alberto Gonzalez Amador eta beste hainbat pertsona Ogasunari 350.000 euroko iruzurra egitea egotzita.
Madrilgo 19. instrukzio epaitegiko epaileak ikerketapean jarri du Alberto Gonzalez Amador, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekidea, Ogasunari iruzur egin izana egotzita.
Fiskalak Gonzalez Amadorren kontrako salaketa jarri zuen bi delitu fiskal eta agiriak faltsutzeagatik, eta salaketa hori orain onartu du epaitegiak.
Magistratuak gaur kaleratutako auto batean dioenez, Fiskaltzak salatutako gertakarietan bi zerga delituren "zantzuak" daudela uste du. Zehazki, 2020 eta 2021. urteetan sozietateen gaineko zergan, hurrenez hurren, 155.000 eta 195.951 euro ez ordaintzea egozten dio. Halaber, "benetan egin ziren lanei ez dagozkien fakturak" aurkezteagatik ere ikertuko du Gonzalez Amador.
Hori horrela, Gonzalez Amador bera eta beste lau pertsona deklaratzera deitu ditu, ikertu gisa.
Fiskaltzak salatu zuen auzia, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak helarazitako txosten bat oinarri hartuta. "Sozietate batzuek aurkeztutako fakturetan gastu faltsuak" atzeman zituzten agentziako langileek.
"Gastuok ez datoz bat benetan emandako zerbitzuekin, eta 2020 eta 2021. urteetan sozietateen gaineko zergan ordaindu beharrekoa baino gutxiago ordaintzea zuten helburu", ebatzi zuen.
Ministerio Publikoak bi enpresa jarri zituen jomugan: Maxwell Cremona Ingenieria eta Procesos Sociedad para el Fomento del Medioambiente, biak ala biak Gonzalez Amadorrenak. Txostenak ondorioztatu duenez, "zerga ekitaldi horietan bere negozio bolumena handitu zela eta, enpresa horrek hainbat jarduera egin zituen zerga gutxiago ordaintzeko asmoz".