EITB Focus
Zer boto transferentzia egon daiteke?
EITB Media
EITB Focus makroinkestaren azken atalak jaso duenez, botoen transferentziak EH Bilduri egingo dio mesede, eta Elkarrekin Podemosek jasango du galera handiena.
Botoen transferentziak EH Bilduri egingo dio mesede. EAJren hautesleen % 8k koalizioaren alde egingo dute apirileko hauteskundeetan, otsaileko EITB Focusen baino bi puntu gehiago. Gainera, orain lau urteko hauteskundeetan botoa eman ez zutenen % 11k EH Bilduri emango diote oraingoan botoa, eta Elkarrekin Podemosen jarraitzaileen % 16k ere EH Bilduren alde egingo dute.
Euzko Alderdi Jeltzaleak ez du beste alderdietako jarraitzaileen botorik jasoko. 2020ko hauteskundeetan abstenitu zirenen % 12k jeltzaleei emango liekete oraingoan botoa, otsailean baino bost puntu gehiago.
PSE-EEk ere ez du beste alderdietako botorik jasoko. Bestalde, zalantzati daudenen kopuruak gora egin du Legebiltzarrerako azken hauteskundeetakoarekin alderatuz. Otsaileko EITB Focusen arabera, sozialisten boto-emaileen % 19 zalantzati zeuden. Orain, % 26ra igo da kopuru hori.
Elkarrekin Podemos da boto galera handia jasoko duen alderdia. EH Bildura joango diren botoez gain, % 19k Sumarri emango omen diote oraingoan botoa. Elkarrekin Podemoseko hautesleen % 32 zalantzati daude.
Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetan, % 49ko abstentzioa izan zen. Lau urte geroago, aurrekoetan abstenitu zirenen % 43k esan dute oraingoan ere ez dutela botoa emango. Abstenitu zirenen artean, % 29 zalantzati omen daude.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak martxoaren 8tik 14ra egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.