Itxi

Biografia

Rodolfo Ares, euskal sozialistei lotutako politikaria

Erredakzioa

Duela 58 urte Ourensen jaio zen politikariak legegintzaldiaren azken urtean pasatu ditu urterik zailenak, Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas Athletiken jarraitzailea hil ostean.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Argazkia: EITB

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak (Ourense, 1954) kargua utziko duela eta EAEko hauteskundeetan buru-belarri jarriko dela iragarri du.

Ares ezkonduta dago, bi seme ditu eta industri maisua da. Gaztetatik UGT eta PSOEko kidea da. Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen 1983 eta 1990 artean eta urte horretan Bizkaiko Foru Aldundira joan zen, bertan ahaldun nagusiorde eta Hirigintza eta Ingurumen diputatu karguak izan zituela. 1991n bere aulkia utzi zuen Bilboko udal hauteskundeetan bere burua PSE-EEko alkategai aurkezteko.

Sozialisten udal bozeramailea zela (1991-1994) Bilbao Ria 2000 enpresa publikoaren sorrera bultzatu zuen. 1994an Eusko Legebiltzarreko kidea hautatu zuten eta Euskal Sozialistak Legebiltzar taldeko bozeramailea izan zen 2000 eta 2005 artean. 2008an Exekuzio Batzorde Federaleko kide aukeratu zuen PSOEko Biltzarrak.

2007an Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ahozko epaiketa hasi zuen haren kontra (baita Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxeren kontra ere) Batasunarekin biltzeagatik desobedientzia delitua egotzita. Auzia bertan behera geratu zen, ez baitzegoen ez akusazio partikularrik ezta fiskalarena ere.

2009ko hauteskundeetan, PSE-EEk Lehendakaritzara iristea lortu zuen, eta Ares Herrizaingo sailburu izendatu zuten.

Urteotan ETAren jarduera armatuaren amaierari egin behar izan dio aurre. ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri eta gutxira, Aresek bizkartzain asko kendu zituen, eta horrek ezinegon handia sortu zuen biktimen eta ETAren mehatxupean bizi izan zirenen artean.

Bestalde, legegintzaldiaren lehenengo urteak euskal presoen aldeko argazkien eta kartelen polemikak markatu zituen. Irudiak kaleetatik kentzea erabakia zuen Eusko Jaurlaritzak. Horrek istiluak ekarri zituen Euskal Herriko txoko askora eta Ares kritiken jomugan egon zen.

Legegintzaldiaren azken urteetan, Aresek Bilboko Kukutza Gaztetxearen eraisteari egin behar izan zion aurre, eta kritika gogorrak jaso zituen Ertzaintzak eraikina husteko eta manifestazioetan izan zuen jarrera dela eta.

Bestalde, azken hilabeteotan ere polemikan egon da Ares. Ertzaintzak Iñigo Cabacas Athletiken jarraitzailea hil zuen pilotakada bat jota partidu baten ostean, eta Ertzaintzaren burua den heinean, Ares egon da salaketa guztien jomugan.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)