Kataluniako finantzazioa
Kataluniarentzat "EAEren eta Nafarroaren eredu berezia" defendatu du Aragonesek, "ez gehiago, ez gutxiago"
Agentziak | EITB Media
Generalitateko presidentearen aburuz, Katalunia finantzatzeko egin duen proposamenak Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko aldebiko harremana oinarri beharko luke izan.
Pere Aragones Generalitateko presidenteak nabarmendu duenez, Katalunia finantzatzeko egin duen proposamena "Euskadik eta Nafarroak duten eredu berezia"ren pareko izan beharko litzateke, "ez gehiago, ez gutxiago", erantsi du.
Finantzazio proposamena azaltzeko prentsaurrekoa eskaini du gaur Aragonesek, Natalia Mas Generalitateko Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin batera.
Aragonesen esanetan, euren asmoa da finantzazio molde berri horrek Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko aldebiko harremanaren oinarri izan beharko luke. Generalitateak berak bildu beharko lituzke Kataluniako zorrak, eta ondoren, dirua nora bideratu erabaki. Izan ere, uste du "Kataluniak zer egin behar duen beste batzuek mahai baten bueltan erabakitzea" akordio txar baten seinale da. Hala, azpimarratu duenez, Kataluniako zerbitzu publikoak "ezin dira baroi sozialisten edo Alderdi Popularreko buruzagien menpe egon".
Finantzazio propioa izatea pribilegioa dela dioten horiei erantzunez, ERCko burua ere badenak esan du ez dela egia. "Defizitarekin amaitzea? Bidezkoa ez den egoera batekin amaitzea? Hori ezin da inoiz pribilegioa izan, betebeharra da, justizia auzi bat", defendatu du.
Bestalde, Natalia Mas kontseilariak zehaztu du Kataluniako ekonomia Espainiako eta EBko ekonomiak baino gehiago hazten ari dela, baina defizit fiskalaren ondorioz, Barne Produktu Gordinaren (BPG) ehuneko txikiagoa bideratzen da osasunera edo hezkuntzara. Masek emandako datuen arabera, 3.800 milioi euro bideratu beharko lirateke hezkuntzara, eta 10.000 bat osasunera. Deitoratu duenez, Kataluniak ez du sozietateen gaineko zergaren funtsak jasotzen eta hori "irregulartasun" bat da nazioartean.