EPAIKETA
Etcheverry eta Molle errugabetzeko eskatu dute askotariko eragileek Parisen
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Lan-esparru eta kolore politiko askotako 4.000 eragilek baino gehiagok babestu dute eskaria. Uste dute Etcheverryren ta Mollen aurkako epaiketa bakearen aldeko bidearen kontrako noranzkoan doala.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Datorren astean Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle-Haranen aurka Parisko Auzitegi Korrekzionalean egingo den epaiketaren harira, hainbat eragilek (Frantziako Asanbleako ordezkariak eta hautetsiak) agerraldia egin dute gaur eguerdian Frantziako hiriburuan, bi auzipetuak ere bertan zirela. 'Bakearen artisauak' bezala ezagunak diren ekintzaileok ETAren armagabetzearen alde egindako lana nabarmendu ondoren, horiek errugabetzeko galdegin dute.
2016ko abenduaren 16an Luhuson egindako polizia operazioan atxilotuetako bi dira Etcheverry eta Molle, eta horiek Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaitzea eskatu zuen iazko otsailean Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzak. Armak, munizioak eta lehergaiak izatea, eta ETArekin lotura izatea leporatzen dizkiete. 10 urterainoko espetxe zigorra eta 100.000 euroko isuna ezar diezaizkiekete.
Gaur Parisen egindako agerraldian, eragileek nabarmendu dute Luhusoko ekimenak "armategiak desegitea abiatzea" zuela helburu, "Parisen eta Madrilen iniziatiba eskasari" erantzunez. "Errepresioaren bidean segitzen zuten, sakabanaketa eta salbuespen politikak aplikatuz euskal presoen kontra eta armategia modu seguruan deuseztatzea eragotziz ETAri".
Erantsi dutenez, Molle eta Etcheverry "aitzindariak" izan ziren Euskal Herriarentzat "perspektiba berriak" eraikitzen. Nolanahi ere, uste dute "asko" gelditzen dela egiteko bake iraunkor bat lortzeko bidean, eta zentzu horretan, bi ekintzaileok epaitzea "bake gehiagorako eta adiskidetzeko" bidearen aurkako urratsa dela.
Etcheverryk eta Mollek ere hartu dute hitza, eta biek ala biek nabarmendu dute egindako urrats guztiak bakearen aldekoak izan zirela, eta "emaitzak positiboak" izan zirela euskal gizarte osoarentzat. Epaiketan, erabaki judizial onargarri bakarra absoluzioarena dela esan dute, egin zutena "ez baita inolaz ere terrorismoa".
Luhusoko operazio hartan, beste hiru pertsona ere atxilotu zituzten: Stephane Etchegaray Etxe, Mixel Berhokoirigoin eta Mixel Bergougnan; lehendabizikoa errugabe jotzea eskatu zuen fiskalak. Azken biak 2021ean eta 2017an hil ziren, hurrenez huren.
Lan-esparru eta kolore politiko askotako 4.000 eragilek —Euskal Herrikoak zein atzerrikoak— baino gehiagok babestu dute gaurko eskaria.