Audietzia Nazionala
ETAko bi preso berriro espetxeratu dituzte, fiskaltzak hirugarren graduaren aurka egin ostean
Agentziak | EITB MEDIA
Joan den martxoaren 21ean Juan Carlos Subijana eta Joseba Borde presoentzako hirugarren gradua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, Basauriko espetxeko tratamendu batzordeak proposatuta.
ETAko bi preso berriz espetxeratu dituzte, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hirugarren gradura pasatzearen aurka egin ostean, Sarek, ETAko presoen aldeko sareak, ostegun honetan azaldu duenez.
Joan den martxoaren 21ean Juan Carlos Subijana eta Joseba Borde presoentzako hirugarren gradua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, Basauriko espetxeko tratamendu batzordeak proposatuta.
Sarek prentsaurreko batean azaldu duenez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen martxoaren 27an, asteazkena, erabaki horren aurka, eta egun horretan bertan espetxeratu zituzten bi presoak, bigarren graduan.
Bi kasuetan, hirugarren aldia da fiskaltzak espetxeetako profesionalen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiak errekurritzen dituela.
Joseba Borde (65 urte) hiru hilketagatik zigortu zuten, guztira 200 urteko espetxealdira, 30 urteko mugarekin.
Sareren arabera, 30 urteko zigor osoa beteko du aurtengo azaroan, programatutako 20 irteera baino gehiago eta ohiko bederatzi baimen izan ditu eta espetxean egiten du lan.
Beste presoa Juan Carlos Subijana da (59 urte). 2000ko urriaren 22an Maximo Casado espetxe-funtzionarioa hiltzeko informazioa biltzeagatik zigortu zuten.
Sareren arabera, 23 urte bete ditu 28 urteko zigorretik, 13 irteera programatu eta 20 baimen arrunt inguru izan dituelarik.
"Justizia baten aurrean gaude, kasu hauetan eskuin mutur politikoaren arma juridiko bihurtu dena. Ahal dutena eta ezinezkoa dena egingo dute espetxe-politika arrunta aplikatzea eragozteko eta preso horiek etxera itzultzeko bidea blokeatzeko", kritikatu du Sarek ohar batean.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari "gradu-progresioak berriro proposatzeko" eskatu dio, "Auzitegi Nazionalak bere askatasun-baldintza edo erdi-askatasuna blokeatzen jarraitzen duen presoentzat".