EPAIKETA, PARISEN
Frantziako Barne ministro ohiak isileko itun baten berri eman du Etcheverryren eta Molleren aurkako epaiketan
EITB MEDIA
Mathias Feklek azaldu duenez, ETAren armagabetzea posible izan zen Frantziako Gobernuaren eta Justiziaren arteko akordio bati esker, dokumentu idatzietan islatu ez zena. Jean Noel Etcheverry 'Txetx' eta Beatrice Molle akusatuek esan dute une oro bakearen alde jardun zutela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jean Noel Etcheverry Txetx eta Beatrice Molle "bakearen artisauek" epailearen, fiskalaren eta abokatuaren galdera guztiei erantzun diete Parisko Zigor Auzitegian, beren kontrako epaiketaren lehen egunean. Biak 2016ko abenduan atxilotu zituzten Luhuson (Lapurdi), ETAren armategia desagerrazteko lanean ari zirela. Armak, munizioak eta lehergaiak eduki eta garraiatzea eta ETArekin lotura izatea egozten dizkiete. Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eta 100.00 euroko isuna eskatu du eurentzat.
Gaur, 12:30 inguruan iritsi dira Auzitegiaren atarira, eta bertan Ipar Euskal Herriko hautetsi eta eragile talde zabal bat zain zuten, babesa adierazteko. Lasai agertu dira biak, eta emandako urrats guztiak "bakearen aldekoak" izan direla berretsi dute epaiketara sartu aurretik. "Gure aldetik ez zen egon asmo kriminalik egon; alderantziz, apaltasun osoz egin genuen guztia, euskal gizartearen onerako", esan dute. Ildo beretik mintzatu da Etcheverry, goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
13:45ean, epaiketari hasiera emateko, epaileak auzipetuen kontrako karguak irakarri ditu, eta ondoren biak galdekatzeari ekin dio.
Molle izan da lehenengoa galderak erantzuten. Deklarazioan, argi utzi du bere ibilbide pertsonala eta profesionalak ez duela zerikusirik izan indarkeriarekin. 2016ean egin ez zuen bezala, bere abokatuaren galderei erantzunez, onartu du bazekiela armak zeudela bere Luhusoko baserrian.
Ondoren, Etcheverryren txanda izan da. Berak ere azpimarratu du bere ibilbide politikoa bakezalea izan dela. Fiskalaren galderei erantzun dienean tentsio uneak izan dira auzitegian. Fiskalak galdetu dio zergatik ez zieten ohartarazi agintariei ETAren armak zituztela, eta Txetxek erantzun dio bake prozesua bultzatu nahi zutela, eta abisua emanez gero, orain ez genukeela kontatuko Luhuson gertatu zena.
Bere abokatuaren galderei erantzunez, Etcheverryk errepikatu du, askotan esan bezala, egin zutena berriro egingo luketela.
"Dena kontatu dugu, eta denbora ukan dugu gauzak ongi esplikatzeko, zergatik egin genuen hori dena. Gutxienez, gauzak erranak izan dira, gero ikusiko dugu nola entzunak izan diren", esan du Etcheverryk epaitegitik irtetean.
Defentsaren sei lekukoek ere deklaratu dute, tartean, Mathias Fekl Luhusuko operazioa izan zenean Frantziako Barne ministroa zenak eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako orduko prefetak. Biek egin dute akusatuen alde.
Frantziako Gobernuaren eta Justiziaren arteko isileko ituna
Hain zuzen ere, Mathias Fekl orduko Barne ministroak azaldu duenez, 2017ko apirilaren 8an ETAren armagabetzea posible izan zen Frantziako Gobernuaren eta Justiziaren arteko isileko itun bati esker, baina akordio hura ez zen dokumentu idatzietan jaso.
Apirilaren 8a "aurrerapauso garrantzitsua izan zen Euskal Herriaren historian, eta segurtasunari dagokionez, aurrerapauso handia", azpimarratu du Feklek epaiketan. Ministro ohiak adierazi duenez, armak eta lehergailuak entregatu ez balituzte "oso esku txarretan erortzeko arriskua zegoen", hala nola "terrorista islamistenetan", edo delinkuentzia arrunteko taldeenetan. Hori Frantziako Gobernuaren, "aginte judizialaren" eta "Euskal Herriko gizarte zibilaren" borondateari esker saihestu ahal izan zen, bere azalpenen arabera.
Isileko akordioa Eric Morvanek itxi zuen, Pirinio Atlantikoetako departamenduko orduko prefetak, eta astearte honetan lekuko gisa deklaratu du Parisko Auzitegian.
Morvanek, geroago Polizia Nazionaleko zuzendari nagusi izango zenak, kontatu du Etcheverry 2017ko martxoan berarekin harremanetan jarri zenean ETAren armategia entregatzeko asmoei buruz hitz egiteko, orduko lehen ministro Bernard Cazeneuveri jakinarazi ziola eta hark bere oniritzia eman ziola, baina agindu argi batekin: "Ezin zen ezer gertatu behar Justizia etengabe jakinaren gainean egon gabe".
Morvanek errepikatu egin du akordio hori ez zela inoiz idatziz jaso, ez agirietan, ez postetan, ez telefono bidezko mezuetan. Azkenean, "apirilaren 8an, denok espero genuen bezala atera ziren gauzak", nabarmendu du.
Sei urte dira ETA behin betiko desagertu zela, eta 2016an atxilotutako bost ekintzaileetatik bi hilda daude (Mixel Berhokoirigoin, 2021ean zendu zen, eta Mixel Bergougnan, 2017an). Frantziako Terrorismoaren kontrako Fiskaltzak bosgarren atxilotua, Stephane Etchegaray, errugabetu egin zuen. Epaiketa asteazken honetan bukatuko da.