Itxi

Heriotza

Urkullu, Lopez, Ibarretxe eta Garaikoetxeak Ardanzaren figura eta hark utzitako ondarea goraipatu dituzte

eitb media

Leer en Castellano

Bakearen alde egindako "atsedenik gabeko lana" goraipatu du Urkulluk. "Gure herriaren zati bat joan egin da, baina beste zati handi bat gurekin geratuko da betiko", adierazi du Ibarretxek. "Elkarrizketa herri bat eraikitzeko modua zela ulertu zuen lehendakaria izan zen", nabarmendu du Lopezek.

Ardanza, Urkullu eta Ibarretxe. Argazkia: EITB

Iñigo Urkullu lehendakariak atsekabea agertu du Jose Antonio Ardanza Garro lehendakariaren heriotza dela eta, eta bakearen eta industria suspertzearen alde egin zuen "atsedenik gabeko lana" goraipatu du.

Urkulluk, Facebook sare sozialean idatzitako mezu batean, 1985etik 1999ra lehendakari izan zena eduki du gogoan, eta gogorarazi du "beti Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari" izan zela, eta kudeaketa lanetan nabarmendu zela, "bai kooperatibetan, bai enpresa munduan".

"Ardanza lehendakariak atsedenik gabe lan egin zuen Bakearen eta Bizikidetzaren alde, baita Euskadiko ekonomia eta industria suspertzearen alde ere", azpimarratu du egungo lehendakariak.

Ardanza, desberdinen arteko kohesioaren alde borrokatu zen lehendakaria

Gainera, jakinarazi du azken asteotan "etengabeko" harremanetan egon dela Ardanzaren familiarekin, eta doluminak helarazi dizkiela.

"Ardanza lehendakaria lehen mailako erreferente politiko eta instituzionala izan da Euskadin. Balio humanista eta demokratiko sendoak zituen pertsona izan da, eta bere ideiak irmoki defendatu zituen, betiere giza eskubideak, euskal gizartearen aniztasuna eta bizikidetza demokratikoa oinarri hartuta", azaldu du.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak azpimarratu du Euskal Herriaren zati bat joan dela, baina beste zati bat betiko geratuko dela. Ibarretxek agur esan dio Ardanzari X. sare sozialaren bidez. "Goraintziak eta ohoreak", idatzi du. "Ardanza presidentearekin gure herriaren zati bat joan egin da, baina beste zati handi bat gurekin geratuko da betiko", adierazi du.

"Ardanza elkarrizketa herri bat eraikitzeko modua zela ulertu zuen lehendakaria izan zen", nabarmendu du Patxi Lopez PSOEren Kongresuko bozeramaile eta lehendakari sozialistak. Ardanzaren heriotza deitoratu du eta "gaurko Euskadi sortzeko oinarriak eraiki zituena" izan zela azpimarratu du.

Carlos Garaikoetxea lehendakariak onartu duenez, "desadostasun handiak" izan zituzten 1985eko krisi politikoan. Horrek bere dimisioa behartu zuen, eta Jose Antonio Ardanzari eman zion lekukoa. Hala ere, Garaikotxea "batzen zituenaren oroitzapenarekin" geratzen da.

Albisteak (1)