Heriotza
Eragile politiko eta sozialek Ardanzaren heriotza deitoratu eta atsekabea azaldu dute
EITB Media
EAJk deitoratu egin du lehendakari jeltzalearen heriotza, eta "pertsona ona, zintzoa, bakezalea eta abertzalea" zela esan du. EH Bilduk "doluminak" helarazi dizkie "lagunei eta hurbilekoei, eta EAJren militantziari eta komunitateari besarkada estua" eman die.
EAJk Jose Antonio Ardanza lehendakari jeltzalearen heriotza deitoratu du, "pertsona ona, zintzoa, bakezalea eta abertzalea" zelako.
X sare sozialaren bitartez, Andoni Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak "samin eta tristura handia", azaldu du Ardanzaren heriotzagatik. Lehendakaria Kanalako bere etxean hil da, Urbaibain.
"EAJ osatzen dugun gizon-emakumeok gure doluminak helarazi nahi dizkiegu Mari Glori Urtiaga emazteari, Nagore eta Aitor seme-alabei eta familia osoari", esan dute jeltzaleek.
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak "bakearen eta bizikidetzaren alde atsedenik gabe lan egin zuen lehen mailako erreferente politiko eta instituzionala" zela esan du. Urkulluk nabarmendu duenez, Ardanza "balio humanista eta demokratiko sendoko pertsona" izan zen, eta "bere ideien alde egin zuen, betiere giza eskubideak, aniztasuna eta bizikidetza demokratikoa errespetatuz".
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak aitortu du "hunkituta" dagoela heriotzagatik, eta esan du "dena" izan dela "herri honetan", "abertzale handia" izateaz gain.
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak azaldu duenez, Ardanzaren heriotza "une tristea da Euskadirentzat, herrialde oso batentzat", eta lehendakaria "belaunaldi oso batentzako eredua" izan dela azpimarratu du.
"Nire doluminak helarazi nahi dizkiet honen senide eta lagunei eta jaso dezala besarkada estua EAJren militantzia eta komunitateak", adierazi du Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak X sare sozialean argitaratutako mezu batean.
Era berean, "Jose Antonio Ardanza Lehendakaria zendu dela jakin berri dut. Une honetan bere alderdikide, senide eta lagunei nire doluminak eta besarkadarik beroenak helarazi nahi dizkiet bihotzez", azaldu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak sare sozial berdinean.
PSE-EE atsekabetuta agertu da, eta "askatasunen eta terrorismoaren aurkako borrokaren defendatzaile sutsua" izan zela nabarmendu du. Ohar baten bidez, PSE-EEren Zuzendaritza Batzordeak doluminak eman dizkie Ardanzaren familiari eta gertukoei, baita Eari ere, "bere kide eta ordezkari instituzional nabarmenetako bat galdu duelako".
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak esan du Ardanza "bake-gizona" zela, "ezberdinen arteko elkar ulertzearen alde" egin zuela beti, eta "maila handiko itunak" itxi zituela, Ajuria Enekoa adibidez.
Eusko Alkartasunak ere Ardanzaren heriotza deitoratu du, eta doluminak eman dizkie senide, lagun eta kideei eta EAJri. Ohar baten bidez, EAk gogorarazi du Ardanza buru zuen Eusko Jaurlaritzako kide izan zela IV. Agintaldian, 1991ko otsailaren 7tik urte bereko urriaren 4ra bitartean, eta 1995etik 1999ra bitarteko V. legealdian.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidente eta lehendakarigaiak doluminak eman dizkie Ardanzaren senide eta lagunei, eta "elkarrizketa gizona" zela esan du. "Nire doluminak Ardanza lehendakariaren familiari eta lagunei, elkarrizketa-gizona baitzen, eta gaur bertan utzi gaitu. Agur eta ohore", adierazi du sare sozialetan.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidente ohiak adierazi duenez, lehendakari izandakoa "printzipiozko gizona izan zen, gizatiarra eta osoa". Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, Iturgaizek "biziki" deitoratu du heriotza, Ardanzarekin bat egin baitzuen Eusko Legebiltzarrean eta Ajuria Eneako Mahaian, "ETAren erruz euskal politikan oso zailak eta tragikoak izan ziren uneetan".
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak doluminak eta babes osoa helarazi dizkio Ardanzaren familiari, "14 urtez gure lurraldeko lehendakari izan baitzen". "Sentitzen dugu Ardanza lehendakariaren galera, eta gure doluminak eta babesa helarazi nahi dizkiegu haren familiari eta hurbileko guztiei", adierazi du Gorrotxategik.
Alba Garcia Sumar mugimenduko lehendakarigaiak doluminak eman dizkie lehendakariaren "lagunei, senideei eta alderdikideei".
Maria Chivite Nafarroako presidentea atsekabetuta agertu da heriotzagatik, eta Ardanzak bakearen alde eta "ezberdinen arteko elkar ulertzearen alde" egindako borroka azpimarratu du, "guztiok berreskuratu beharreko zerbait". Nafarroako presidenteak doluminak eman dizkie senideei eta alderdikideei.
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du Ardanza izan zela "bizikidetzarako bidea hartzeko eta Euskadi berri bat eraikitzeko euskarria", Euskadik "une zailak bizi izan zituenean".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du sozialistekin batera "une garrantzitsu batean" buru izan zela Euskadiren historian. Sanchezek X sare sozialean eman dizkie doluminak Ardanzaren familiari, lagunei eta alderkideei, eta bere izena "beti Ajuria Eneako itunarekin lotuta" joango dela goraipatu du, ETAren aurkako lehen akordio bateratua. "Gaur haren galera sentitzen dugu", adierazi du.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak nabarmendu duenez, Ardanza "funtsezko figura izan zen ETAren urte gogorrenetan, Ajuria Eneako Itunaren buru izan zenean". Feijoo Euskadin izan da astelehen honetan, PPk Gasteizen eta Getxon (Bizkaia) egin dituen kanpainako ekitaldietan, eta "doluminik beroenak" helarazi dizkie Ardanzaren familiari eta lagunei.
"Ardanza elkarrizketa herri bat eraikitzeko modua zela ulertu zuen lehendakaria izan zen", nabarmendu du Patxi Lopez PSOEren Kongresuko bozeramaile eta lehendakari sozialistak. Ardanzaren heriotza deitoratu du eta "gaurko Euskadi sortzeko oinarriak eraiki zituena" izan zela azpimarratu du.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak azpimarratu du Euskal Herriaren zati bat joan dela, baina beste zati bat betiko geratuko dela. Ibarretxek agur esan dio Ardanzari X. sare sozialaren bidez. "Goraintziak eta ohoreak", idatzi du. "Ardanza presidentearekin gure herriaren zati bat joan egin da, baina beste zati handi bat gurekin geratuko da betiko", adierazi du.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Junts+eko zerrendaburuak heriotza deitoratu du: "Bake-gizona eta bere aberriarekiko leiala zen". "Nire doluminak familiari, EAJ alderdiari eta Euskal Herriari. Goian bego", esan du 'X' sare sozialean.
Jordi Turull Junts per Catalunyako idazkari nagusiak nabarmendu du Ardanzak "bakearekin, askatasunarekin eta Euskadirekin konpromiso handia" izan zuela.
Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen diputatuak adierazi duenez, Ardanza "Euskadik eman duen politiko onenetarikoa eta sendoenetakoa izan da". Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, EAJri "doluminak" eman dizkio Rufianek.
Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzainak lehendakaria "kristau apal eta zintzo" eta "pertsona on" gisa gogoratu du bere sare sozialetan. "Atseden hartu bakean eta Jainko onaren eskuetan, bere garaian lehendakari izendatu zutena. Goian bego!", esan du.