Itxi

Ardanzaren heriotza

Ardanzaren hil-kapera bihar 10:00etan irekiko dute, Ajuria Enean

EITB Media

Leer en Castellano

Hileta-elizkizuna ere bihar izango da, 19:00etan, Elorrioko Sortzez Garbiaren elizan. Atzo, hiru-dolu egun ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak, osteguneko 15:00ak arte.

Jose Antonio Ardanza lehendakaria. Argazkia: EFE

Jose Antonio Ardanza lehendakariari agurra emateko hil-kapera asteazkenean, apirilak 10, irekiko dute, Gasteizko Ajuria Enea jauregian. Ohore guztiekin, eta ikurriña batek estalita, hilkutxa 08:30ean eramango dute Gernikatik Arabako hiribururaino, eta han 10:00etan zabalduko dute hil-kapera, 14:00ak arte. Etxekoek eta senideek izango dute bertara sartzeko aukera aurrena, eta ondoren, gainerako herritarrek.

Hileta-elizkizuna, berriz, arratsaldean izango da, 19:00etan, Elorrion, lehendakari zendu berriaren sorterrian. Sortzez Garbiaren elizan izango da meza, Donostiako, Gasteizko eta Bilboko gotzainek gidatuta. Elizkizunean izango da, baita ere, Mario Iceta Bilboko gotzaina izandakoa eta Ardanzaren oso gertukoa zena.

Atzo, hiru-dolu egun ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak, osteguneko 15:00ak arte. 14 urtez EAEko lehenkadari izan zena gogoan, eraikin ofizialetako banderak masta erdian daude.

Lehendakaritzan goizean egin duen adierazpen ofizialean, Iñigo Urkullu lehendakariak Ardanzak "euskal gizartearekiko entrega eta konpromiso ereduaren ondarea" utzi duela nabarmendu du. Senitarteko eta gertukoei doluminak adierazi ondotik, haren ibilbide pertsonal eta politikoa errepasatu ditu Urkulluk.