Ardanzaren heriotza
Lehendakaria: "Euskal gizartearekiko entrega eta konpromiso eredua da Ardanza"
EITB Media
Adierazpen instituzional batean, Ardanzaren jardunaren hiru ardatz goraipatu ditu. Batetik, krisi ekonomiko sakonetik ateratzeko egindako "etenik gabeko lana", bakearen aldeko "borroka nekaezina", eta "desberdintasunen gainetik elkarrizketa bultzatzeko gaitasuna".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, Jose Antonio Ardanza lehendakari hil berriak "euskal gizartearekiko entrega eta konpromiso ereduaren ondarea" utzi du.
Urkulluk agerraldia egin du gaur Lehendakaritzan, politikariaren heriotza dela eta Jaurlaritzak egindako adierazpen instituzionala irakurtzeko. Aurrena euskaraz leitu du; gazteleraz, gero.
Senitarteko eta gertukoei doluminak adierazi ondotik, Ardanza lehendakariaren ibilbide pertsonal eta politikoa errepasatu du Urkulluk, eta horren erakusle, hiru ardatz aipatu ditu.
Lehendabizi, krisi ekonomiko sakonetik ateratzeko eta susperraldi ekonomikoa sustatzeko egindako "etenik gabeko lana" aipatu du. Gogorarazi duenez, Ardanzaren gobernu ezberdinek "gizarte-neurri aitzindariak" hartu zituzten, eta gaur egun "gure egunerokoaren parte dira".
Bigarrenik, bizikidetzaren eta bakearen aldeko "borroka nekaezina" goraipatu du, indarkeriaren eta terrorismoaren "garairik latz eta odoltsuenetan".
Azkenik, "desberdintasunen gainetik elkarrizketa bultzatzeko gaitasuna" nabarmendu du. "Bere pazientzia eta bere ekina, unean-unean behar ziren adostasun sozial eta politikoak josteko", erantsi du.
Halaber, esparru kooperatiboan eta enpresa munduan erakutsitako "dedikazio eta konpromisoa" ere hizpide hartu ditu, baita euskal autogobernua garatzen egindako lana ere.
Ardanzaren "konpromisoa" eta euskal gizarteari egindako "ekarpen luze eta zabala" goretsi ditu Urkulluk. Horren iritzian, Ardanza "lehen mailako erreferente politiko eta instituzionala" izan da Jaurlaritzan emandako 14 urteetan (1985-1999).
Horren aburuz, Ardanzak bere ibilbidean "esan, egin eta eman zuen guztiarengatik errespetua eta aitortza osoa" merezi du.
Eusko Jaurlaritzak hiru dolu egun ezarri ditu Ardanzaren heriotzagatik, eta agerraldian lazo beltza zuen ikurrina ondoan eduki du, horren erakusle.