Auzitegi Konstituzionala
Konstituzionalak aho batez bertan behera utzi du Kataluniako independentzia aldarrikatzeko herri-ekimena
Agentziak | EITB Media
Martxoaren 26ko Ministroen Kontseiluak herri ekimenaren aurka konstituzio-kontrakotasuneko helegitea aurkeztea erabaki ostean iritsi da gaia Konstituzionalera. Kataluniako Ganberaren Mahaiak otsailaren 2an onartu zuen herri ekimen hori tramitatzea.
Auzitegi Konstituzionalak aho batez tramitera onartu du independentzia aldarrikatzeko Kataluniako Parlamentuaren ekimenaren aurka Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen helegitea.
Auzitegiko iturriek baieztatu dutenez, ia ordu eta erdiko eztabaidaren ostean hartu du erabakia auzitegiak. Zehaztu dutenez, neurria aho batez onartu bada ere, errekurtsoa onartzeko arrazoien inguruan desadostasunak egon dira.
Joan den martxoaren 26ko Ministroen Kontseiluak herri ekimen legegilearen aurka konstituzio-kontrakotasuneko helegitea aurkeztea erabaki ostean iritsi da gaia Konstituzionalera. Kataluniako Ganberaren Mahaiak otsailaren 2an onartu zuen herri ekimena tramitatzea.
Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak Ministroen Kontseilu haren osteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak egokitzat jo zuen ekimena errekurritzea, horrek "berehala" geldiarazten duelako haren izapidetzea; izan ere, Konstituzioak ezartzen duenez, Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegira jotzen duenean eta xedapen bat bertan behera uzteko eskatzen duenean, hura izoztuta geratzen da. Talde parlamentarioen helegiteekin, aldiz, ez da gauza bera gertatzen.
Auzitegi Konstituzionalak joan den astean jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuaren helegitea asteartean, asteazkenean eta ostegunean batzartzekoa zen Osoko Bilkuraren gai-zerrendan sartu dute.
Gaur goizean, magistratuek tramitera onartu dute Espainiako Gobernuak Solidaritat Catalana per la Independenciak erregistratu zuen proposamenaren aurka egindako errekurtsoa. Junts eta CUP alderdien aldeko hiru botoei eta ERCko ordezkariaren abstentzioari esker aurrera egin zuen Kataluniako Parlamentuaren Mahaian. PSCko bi kideek, ostera, kontrako boza eman zuten.