A21
EH Bilduk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, EAJri bi puntuko aldea aterata, CISen arabera
Agentziak | EITB Media
Koalizio subiranistak botoen % 35,1 eskuratuko luke, eta lehen indarra litzateke, jeltzaleen aurretik (% 33,5).
EAEko hauteskundeak gaur egingo balira, EH Bildu izango litzateke garaile, EAJri bi punturainoko aldea aterata, CIS inkesta etxeak egindako azken galdeketaren arabera.
Lehen aldia da Espainiako Ikerketa Soziologikoen zentroak koalizio abertzalearen garaipena aurreikusten duela. Aurreko inkestaren arabera (apirilaren 1ean kaleratu zuten), EAJk irabazi behar zituen bozak (botoen % 36,1), ozta-ozta bazen ere.
Oraingoan, baina, lehen indar kokatu du koalizio subiranista, % 34,2-35,1-eko boto portzentajearekin. EAJ bi puntura edukiko luke, botoen %32,6-33,5ekin. PSE-EErentzat ere aurreko inkestan baino emaitza hobea iragarri du CISek, % 14 (% 13,1, apirilaren 1ekoa). PPk botoen % 6,7-7 lortuko luke (beherakada, aurreko galdeketarekin alderatuta).
Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea eta Sumar koalizioak oso parekatuta leudeke, % 3,1-3,2 % eta % 3,1-3,6 % eskuratuta, hurrenez hurren. Horien atzetik kokatuko litzateke Vox, botoen % 2,7-% 3kin.
Apirilaren 4tik 8ra bitartean egin zen galdeketa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4.025 herritar elkarrizketatu ziren, aurreko inkestan baino ia mila gutxiago.
Galdetutakoen % 73,9k erantzun dute ziur bozkatuko dutela, eta % 19,3k, berriz, oraindik botoa erabaki gabe dutela.
Kofiantza gehien nork ematen dien itaunduta, Pello Otxandiano EH Bilduren hautagaia (% 22,8) ageri da zerrendan lehena, eta harengandik oso gertu, EAJko Imanol Pradales (% 22,6). Atzetik daude Eneko Andueza sozialista (% 8,3) eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi (% 3,8).