'Koldo auzia'
Elma Saiz ministroak 'Koldo auzia' ikertzeko Senatuko batzordean azalpenak eman beharko ditu
Agentziak | EiTB Media
Pandemia garaian, Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilari zela, Nafarroako Gobernuak erositako osasun materialarengatik azalpenak eman beharko ditu.
Elma Saiz Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio ministroak 'Koldo auzia' ikertzeko Senatuko batzordean azalpenak eman beharko ditu. Izan ere, ustezko zenbait ustelkeria kasu argitzeko lantaldean hitz egingo duten lehen 63 pertsonak erabaki ditu goi ganberan gehiengoa duen PPk.
Pandemia garaian, Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilari zela, Nafarroako Gobernuak erositako osasun materialarengatik azalpenak eman beharko ditu nafarrak, PPko iturriek EFE albiste agentziari baieztatu diotenez.
Alderdi politiko bakoitzak egindako proposamenak aztertu ondoren, goi ganberak atzo onartu zuen ikerketa batzordean azalpenak emango dituztenen zerrenda. UPNk luzatutako zerrendatik 4 onartu ditu PPk, tartean, Elma Saiz ministroarena.
Hauek dira beste hirurak: Gregorio Achutegui Osasunbideko zuzendari kudeatzaile izandakoa, ¿Ignacio Amatriain Nafarroako Interbentzio Zuzendaritza nagusiko aholkulari juridiko izandakoa eta Pilar Irigoien Sodena sozietate publikoko zuzendari kudeatzailea.
PPk proposatutako 58 eta UPNk eskatutako 4 izenez gain, Koldo auzian ikertutakoen artean dagoen Rogelio Pujalte Murtziako depositu judizial baten jabeak ere agerraldia egingo du, EAJk eskatuta.
Gauzak horrela, gaur egun ministro diren lauk eman beharko dituzte azalpenak Senatuan: Fernando Grande-Marlaskak, Oscar Puentek, Angel Victor Torresek eta Elma Saizek.
Hilaren 22an hasiko dira lehen agerraldiak, eta Koldo Garcia Koldo auziari izena ematen dion bizkaitarra eta Víctor Francos, Salvador Illa Osasun ministro izandakoaren kabinete buru izan zena izango dira lehendabizikoak.