Gipuzkoa
Entitate txiki izateari baiezkoa eman diote igeldoarrek
EITB MEDIA
Boto-emaileen % 84,6k baiezko botoa eman dute, eta % 14k, berriz, ezezkoa. Herri kontseilua oso pozik agertu da eguna normaltasunez joan delako, eta parte-hartzea goraipatu dute.
Galdeketa eguna izan dute gaur Igeldon, eta tokiko entitate txiki gisa eratzeari baiezkoa eman diote herritarrek, botoen % 84,6rekin.
Itsas Aurre kultur etxean izan da bozketa, 09:00etatik 20:00etara.
Igeldon erroldatutako 16 urtetik gorako 984 igeldoar zeuden deituta bozkatzera, eta 462k eman dute botoa; guztien % 46k, beraz.
Baiezkoak 391 (% 84,6) izan dira, ezezkoak 65 (% 14), eta 4 boto zuri eta 2 boto baliogabe zenbatu dituzte.
Herri kontseilua oso pozik agertu da eguna normaltasunez joan delako, eta parte-hartzea goraipatu dute.
Emaitzak eskutan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiari igorriko diote txostena, erabakia foru dekretu bidez jaso dezan.
Eneko Dorronsoro herri kontseiluko kideak EITB Mediari azaldu dionez, Foru Aldundia eman diren pausuekin ados badago, gestora bat osatuko da eta gestora hori entitate txikia sortzeko lanea hasiko da. Hau 2-4 hilabeteko epean gauzatu daitekeela ere adierazi du Dorronsorok eta prozesu guztia txukun egitearen garrantzia azpimarratu du: "denbora ez da arazoa, baizik eta pausoak ondo ematea".