Koldo auzia
Abalosek maiatzaren 6an egingo du agerraldia Senatuko ikerketa batzordean, eta Cerdanek apirilaren 30ean
Agentziak | EITB Media
Bestalde, Ikerketa Batzordeko Mahaiak eta bozeramaileek Koldo Garciarekin harremanetan jartzea lortu ez dutela jakinarazi die talde politikoei, astelehenean agerraldia egin behar duela jakinarazteko. Beraz, ostegun honetan erabakiko dute agerraldia atzeratu ala ez.
Jose Luis Abalos Garraio ministro ohi eta PSOEko buruzagi ohiak Koldo auziaren ikerketa batzordearen aurrean agerraldia egin beharko du Senatuan, maiatzaren 6an; Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkariak, berriz, apirilaren 30ean.
Hala erabaki dute gaur ikerketa batzordeko Mahaiaren eta bozeramaileen bileran. Enriqueta Chicano Kontuen Auzitegiko presidentea ere deitu dute apirilaren 29rako.
Bestalde, Koldo Garciarekin harremanetan jartzea lortu ez duela jakinarazi die Mahaiak talde politikoei. Garciak astelehenean ikerketa batzordean agertu behar du, eta, beraz, Mahaiak ostegun honetan erabaki beharko du haren agerraldia atzeratu edo ez, Parlamentuko iturriek jakitera eman dutenez.
PPk gehiengoa duen Koldo auziari buruzko Senatuko ikerketa batzordeak Koldo Garcia bera deitzea erabaki zuen datorren astelehenean, apirilaren 22an, agerraldia egiteko.
Mahaia eta bozeramaileak telematikoki bildu dira gaur, eta Senatuko ikerketa honen zuzendaritza-organoak jakinarazi die Koldo Garciak ez duela telefonoa hartzen eta ezin dutela berarekin harremanetan jarri.
Hori dela eta, ostegun honetan erabakiko dute Koldo Garciaren agerraldia aurrerago egingo den edo hitzordu berarekin jarraituko duten, Jose Luis Abalosen aholkulari ohia Senatuan ez dela aurkeztu agerian uzteko.
Espainiako Konstituzioaren 76. artikuluaren arabera, Diputatuen Kongresuak edo Senatuak ezarritako ikerketa batzordeetan agertzea nahitaezkoa da edozein herritarrentzat, eta legeak arautuko ditu eginbehar hori ez betetzeagatik ezar daitezkeen zigorrak.