A21
Hauteskundeen osteko egutegia: gutxienez bi hilabete lehendakaria aukeratu arte
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bozen ostean XIII. legegintzaldia abiatu arteko prozesua martxan da dagoeneko. Araudiak data pare bat ezartzen ditu, eta gainerako epeak alderdien negoziazioen araberakoak dira, gobernu berria osatzeko itunak lortzeko duten prestutasun eta gaitasunaren araberakoak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAEko hauteskundeen ondotik, gaur abiatuko da Eusko Legebiltzarrean beste legealdi bat abiatzeko prozesua, hurrengo lehendakaria aukeratzea ekarriko duena. Hauteskunde legeak eta ganberako araudiak eman beharreko pauso banaka batzuk baino ez dituzte zehazten; izan ere, beste kasu batzuetan ez bezala, erakundeak ez du epemugarik ezartzen Legebiltzarra osatu eta lehendakaria inbestitzeko; dena dago ganberan ordezkaritza izango duten alderdien menpe, gehiengoak osatzeko duten gaitasunaren menpe, bereziki.
A21aren emaitzak behin-behinekoak izango dira boto kontaketa orokorra egin arte. Hiru lurralde historikoen hauteskunde batzordeek egiaztatuko dute zenbaketa, hauteskundeak egin eta bost egunera. Bozetan emandako boto guztiak kontatuko dituzte: hautetsontzietan emandakoak, posta bidezkoak eta CERA botoa. Behin betiko emaitzak apirilaren 30erako argitaratuko dituzte, ondoren balizko erreklamazioak egiteko epea irekiko baita.
Behin eserlekuen banaketa ofiziala denean, EAEko Hauteskunde Batzordeak maiatzaren 11ra arte du 75 hautetsiak aldarrikatzeko.
Behin ofizialki izendatuta, hautetsiek legebiltzarkide direla egiaztatu beharko dute, Hauteskunde Batzordeak emandako akreditazioa Ganberako Idazkaritzan entregatuta. Hori bai, eperik ez dute izapide hori egiteko. Eskuarki, prozesua luzatzeko edo bizkortzeko erabiltzen dute alderdiek, hauteskundeen emaitzen eta alderdien arteko gobernua osatzeko negoziazioen arabera.
Lehendakari izendatzeko, hautagaiak Eusko Legebiltzarreko botoen gehiengo osoa behar du (75 legebiltzarkideetako 38ren babesa). Bigarren bozketan, berriz, nahikoa du gehiengo soila.
Alderdiek euren hautagaiak aurkez ditzakete, baina legebiltzarkideek ezin dute hautagaien aurka bozkatu (Kongresuan, esaterako, aukera hori dago); hots, aldeko botoa ematea edo abstentziora jotzea dira aukerak.
Bizpahiru hilabete, aurreko hauteskundeen arabera
Hemerotekari erreparatu beharko genioke lehendakaria izateko, batez beste, zenbat denbora behar izan ohi den jakiteko: bi hilabete, gutxi gorabehera.
Carlos Garaikoetxea lehendakaria (EAJ) 1980ko apirilaren 9an hautatu zuten, Eusko Legebiltzarreko lehen hauteskundeak egin eta hilabetera.
Beste muturrean dago Jose Antonio Ardanza hil berria (EAJ). Hautagai jeltzaleak birritan gainditu zuen bi hilabeteko batezbestekoa, 1986an eta 1990ean. Bere lehen hauteskundeetan, hiru hilabete behar izan zituen lehendakari izateko. Orduko hartan, EAJ izan zen alderdi bozkatuena, baina sozialistek lortu zituzten eserleku gehien, Txiki Benegas lehendakarigai zela. Hain justu, PSE EArekin eta EErekin saiatu zen gobernu ituna osatzen, baina negoziazioek kale egin zuten azkenean. Hartu-emanak tarteko, ohi baino gehiago luzatu ziren epeak. Azkenean, sozialistek eta jeltzaleek koalizioan agindu zuten.
Hurrengo hauteskundeetan (1990), apur bat gehiago luzatu zen, urrian bozak egin eta hiru hilabete pasatxora, 1991ko otsailaren 1ean, egin baitzuten Ardanza lehendakari.
Gainerako lehendakariak izendatzeko 60 egun inguru behar izan dira. Juan Jose Ibarretxek (EAJ) bi hilabete eta egun batzuk behar izan zituen inbestidura gauzatu arte, eta antzera gertatu zitzaion 2001eko eta 2005eko hauteskundeetan.
Bestalde, Patxi Lopezi (PSE-EE) bi hilabete eta lau egun kostatu zitzaion Lehendakaritza eskuratzea.
Iñigo Urkulluren (EAJ) hiru legealdietan, bi hilabete inguru behar izan ditu beharrezko babesak eskuratzeko.
Ganberaren herena akreditatuta hasiko dira epeak zenbatzen
Hori horrela, hauteskundeak egin eta lehendakaria izendatu bitarteko epea gobernua osatzeko elkarrizketak egiteko erabili izan dute alderdiek.
Akordioa eginda, hautetsiak akreditazioa jasotzen hasiko dira, eta 75 legebiltzarkideetatik 25ek beren egiaztagiriak aurkezten dituztenean, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko (ganberak desegin zirenetik jardunean dagoen organo bakarra) Lehendakaritzak Eusko Legebiltzarra osatzeko osoko bilkura deituko du 15 eguneko epean.
Saio horretan aukeratuko dute Eusko Legebiltzarreko Mahaia, Mahaiko lehendakaria barne, eta orduan abiatuko da XIII. legegintzaldia. Ondoren, beste bilkura bat egingo da, hautatutako legebiltzarkideen Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordearen irizpena onartzeko. Horren ostean, hurrengo osoko bilkura, lehendakaria hautatzeko bilkura, noiz egingo duen jakinaraziko du Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Araudiak ez du zehazten zenbateko tartea izan behar den bien artean.
Epemuga bakarra dago: Legebiltzarra inbestidurarako deitu eta 60 eguneko epean inbestidurarik egiten ez bada, jarduneko lehendakariak Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deitu beharko ditu. EAEn ez da sekula gertatu.
Apirilaren 21etik Eusko Jaurlaritza jardunean dago, "administrazioaren funtzionamendu ona eta botere aldaketa egokia bermatzeko".