Itxi

EITB-REN INKESTA

Berdinketa EAJren eta EH Bilduren artean 26-28 eserlekurekin, eta alderdi jeltzalea izango da bozkatuena

EITB Media

Leer en Castellano

Tentsio handiko zenbaketa aurreikusten du EITBren inkestak. EAJ izango da lehen indarra botoetan, koalizio subiranistak izango du hazkunde handiena, PSE-EEk eta PPk ere gora egingo dute eta, ezker konfederalean, Elkarrekin Podemosek baino ez du ziurtatuta ordezkaritza.

Grafikoa: EITB

EAJk eta EH Bilduk berdinketa teknikoa izango dute eserleku kopuruan, 26-28ko aurreikuspena baitute bi indarrek, EITBren inkestaren arabera. Hori horrela, boto zenbaketa tentsio handikoa izango da.

Hain zuzen ere, EAJk botoen % 35,7 lortuko ditu, azken hauteskundeetan baino 3,4 puntu gutxiago, eta 3-5 eserleku galduko ditu. EH Bildu, bere aldetik, hazi egingo da: botoen % 27,9tik % 32,9ra pasatuko da, eta 5-7 legebiltzarkide gehiago eskuratuko ditu.

PSE-EE ere hazi egingo da botoetan (0,6 puntu gehiago), eta baliteke 2 parlamentari gehiago lortzea. 10-12ko aurreikuspena dute sozialistek.

PPk ere puntu eta erdiko hazkundea izango du, eta egun baino ordezkari bat gehiago izango du, 7. Trukean, Vox desagertu egingo da Eusko Legebiltzarretik.

Ezker konfederalari dagokionez, Elkarrekin Podemosek baino ez du bermatuta ordezkaritza lortzea (1-2 lortuko ditu), eta Sumarren presentzia airean dago: 0-2.

Araba

Grafikoa: EITB

Hauteskunde autonomikoetan lehen aldiz, EH Bildu izango da lehen indarra lurraldean, 8-9 eserlekurekin (2-3 gehiago). Bigarren lekuan, EAJk 7-8 eskuratuko ditu, hots, 1-2 galduko ditu.

Koalizio subiranista izango da bozkatuena, 3,6 puntuko aldearekin, baina eserleku kopuruari dagokionez, baliteke bi indarrek berdinduta bukatzea, 8 ordezkari lortuta.

Urrunago, PPk aurrea hartuko dio PSE-EEri hirugarren indar gisa, hamarren bateko aldearekin botoetan, eta 4 legebiltzarkide izango ditu, egun baino 1 gehiago.

Alderdi Sozialistak, bere aldetik, eutsi egingo die egungo 4 ordezkariei.

Bestalde, ezker konfederalaren ordezkaritza zalantzazkoa da. Izan ere, bai Elkarrekin Podemosek, bai Sumarrek, 0-1eko aurreikuspena dute.

Azkenik, Voxek galdu egingo du egun Legebiltzarrean duen ordezkari bakarra, lurralde honetan zuena, hain justu.

Bizkaia

Grafikoa: EITB

EAJk mantendu egingo du bere lidergoa lurraldean, botoen % 40 baino gehiago lortuta, baina parlamentari bat galduko du, 12tik 11ra pasatuta.

EH Bildu, aldiz, 5 puntu haziko da, eta 1-2 ordezkari gehiago izango ditu, 7-8.

PSE-EEk ere duela 4 urte baino boto gehiago izango ditu, eta baliteke eserleku bat gehiago izatea, 3-4.

PP hazi egingo da boto kopuruari dagokionez, baina ez ordezkari kopuruari dagokionez, egungo 2ei eutsiko baitie.

Lurralde honetan du ziurtatuta ordezkaritza Elkarrekin Podemosek, eta Alba Garcia Sumarren lehendakarigaia Legebiltzarretik kanpo geratuko da.

Gipuzkoa

Grafikoa: EITB

EH Bilduk lehen aldiz irabaziko du lurralde honetan, bai botoetan, bai eserlekuetan. Horren ildotik, bozen % 40 baino gehiago lortuko ditu, eta 11 parlamentari izango ditu, egun baino 2 gehiago.

Bigarren indarra EAJ izango da, 8-9 legebiltzarkideko aurreikuspenarekin, hau da, 1-2 gutxiago.

PSE-EE hazi egingo da botoetan, eta baliteke 2020an baino ordezkari bat gehiago lortzea, 3-4.

PPk ere gaindituko ditu duela lau urteko emaitzak botoetan, baina eserleku kopurua errepikatuko du: 1.

Azkenean, ezker konfederalean Sumarrek baino ez ditu aukerak ordezkaritza lortzeko, baina ez du ziurtatuta: 0-1.

Fitxa teknikoa

3.608 inkesta egin dituzte astelehenetik gaur goizera arte hauteskunde inkesta hau egiteko (1.208 Araban, 1.260 Bizkaian eta 1.139 Gipuzkoan).