EUROPAKO HAUTESKUNDEAK
IUk onartu egin du Europako bozetara Sumarrekin aurkeztea, baina ez du parte hartuko zuzendaritza organoetan
EITB MEDIA
Sumar koalizioaren zerrenda bateratuan laugarren lekua izango du IUko ordezkariak, eta horrek haserrea eragin du. Ikusteko dago krisi honek nola eragingo duen EAEn: igandeko hauteskundetan Sumarrek lortu zuen eserleku bakarra (Arabatik) Jon Hernandez Ezker Anitzako kideak eskuratu zuen.
Estatu espainiarreko Izquierda Unida Koordinadora Federalak onartu egin du Europako Hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko Sumar koalizioak egindako eskaintza, zerrendan izango duen lekuarekin ados egon ez arren. Zerrenda bateratuan laugarren lekuan joango da IUko ordezkaria, eta horrek haserrea eragin du. Hori dela eta, batera aurkeztu bai, baina Sumarren zuzendaritza organoetan, oraingoz, ez du parte hartuko IUk, eta E9ko bozetarako kanpaina bere kasa egingo du.
Ikusteko dago krisi honek nola eragingo duen EAEn: igandeko hauteskundeetan Sumarrek lortu zuen eserleku bakarra (Arabatik) Jon Hernandez Ezker Anitzako kideak hartuko du. Emaitzen berri izan orduko, IUko zuzendaritzak Ezker Konfederalaren zatiketari egotzi zion izandako boto galera. Zehatzago, Yolanda Diazen koalizioak "indarrak batzeko duen ezintasuna" salatu zuen.
Atzo bildu zen IUren zuzendaritza nagusia, eta eztabaida luze baten ondoren, euren hautagaia (Manu Pineda) Sumarrekin osatuko duten zerrenda bateratuan aurkeztea erabaki zuten. Madrilgo eta Valentziako federazioek erabaki horren kontra bozkatu zuten.
Batzarra amaitutakoan, gutuna igorri zion IUk militantziari, bileran adostutakoaren inguruan azalpenak emanez. "Europan indar atzerakoiak aurrera egiten ari diren honetan, ezkerrak ez du zatiketa gehiago merezi", dio idatziak.