Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ortuzar: "Kanpainan ikusi dugun Bildurekin akordioa posible izango da, baita PSErekin ere"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

EAJren EBBko presidentearen aburuz, EH Bilduk lortu dituen "emaitza nabarmenak" gorabehera, koalizioak "ezin du kanpotik Jaurlaritzaren politika baldintzatu". Hala, uste du ez dutela gobernatzeko modua aldatu behar, bai, ordea, herritarrek hauteskundeetan emandako "abisua" kontuan hartu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak legealdian "zein Bildu" nagusituko den argitzeko eskatu dio koalizio abertzaleari: "Kanpainan ikusi dugun Bildu" ala "betiko Bildu". Izan ere, estatus berriaren auzian esaterako, EH Bilduk hauteskunde kanpainan azaldutako mezuekin "posible" ikusten du akordioa, "baita Alderdi Sozialistarekin ere". Ortuzarren aburuz, "EH Bilduk botoak irabazi ditu bere jarrera politikoak zuritu eta leundu dituelako. Orain ikusi beharko dugu botoak irabazteko egin ote duen ala benetan bere politikak aldatzeko nahia zuelako. Aldaketa hori benetakoa bada, lege eta ekimenetan bat egingo dugu", aurreratu du buruzagi jeltzaleak. 

Dena dela, Arnaldo Otegi buru duen koalizioari ohartarazpena ere egin dio EAJko presidenteak: "Kanpotik ezin du Jaurlaritzaren politika baldintzatu". Hala, EH Bilduk lortutako "emaitza nabarmenak" gorabehera —27 eserleku eta 340.000 boto pasatxo—, bigarren indarra dela gogorarazi dio, eta ez duela "beste inorekin akordioak lortzeko gaitasuna erakutsi". "Beraz, bigarren indarra da eta isolatuta dago. Ezin ditu besteen politikak baldintzatu". 

EH Bildurekin ordezkari kopuruan izandako berdinketak ez du, Ortuzarren esanetan, EAJren gobernatzeko modua aldatu behar. "Guk egin behar duguna da boto kritikoa eman diguten herritarren eta gu bozkatzeari utzi dioten herritarren abisua kontuan hartu", arrazoitu du. 

PSE-EErekin hurrengo gobernua osatzeko egin beharreko negoziazioez, Ortuzarrek berretsi du hasiera batean ildo programatikoak adostuko dituztela, eta ondoren, sailen banaketa. Sozialistei Jaurlaritzan pisu gehiago emango dieten galdetuta —12 legebiltzarkide dituzte, duela lau urte baino bi gehiago—, "eskatzea libre" dela erantzun du, "emateko orduan, zertarako ematen den" pentsatu behar dela. Halaber, nabarmendu du Legebiltzarreko Presidentzia alderdi bozkatuenari dagokiola: "Logikak dio ohikoa dena errepikatu behar dela". 

Ortuzarren arabera, oraingoan garrantzi gehiago emango diete etxebizitza, gazteen emantzipazioa, osasuna edo hezkuntza bezalako gaiei, indarkeria edo autogobernuaren "betiko gai totemikoei" baino. Dena dela, azken horri buruz esan du autogobernuaren lantaldeak (duela lau urtetik ez atzera ez aurrera dago) "uste baino aurreratuago utzi zituen gauzak, berriro errekuperatu ditzakegun dokumentuekin". Hori horrela, "borondate politikoa badago EH Bilduren eta PSE-EEren partetik, aurrera egin eta akordioa lor genezake, ez ginateke zerotik abiatuko eta". 

Bideoak (1)