Autogobernua
Foruaren erreforma hitzartu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, trafiko eskumena blindatzeko
EITB Media
Akordioaren arabera, trafiko eskumena "Nafarroako eskubide historiko" gisa blindatuko dute. Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, "hau lehen urratsa da", aldaketa hainbat fasetatik igaro beharko baita indarrean sartu arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako Gobernuak eta Lurralde Politikako Ministerioak akordioa itxi dute Foru Hobekuntza arautzen duen legea erreformatzeko, trafiko eskumena "Nafarroako eskubide historiko" gisa blindatzeko.
Akordioa, erreforma hori gauzatzeko lehen urratsa, gaur Nafarroako Jauregian Lorafna berritzeko Nafarroa-Estatua Negoziazio Batzordeak egindako lehen bileraren ostean jakitera eman dute. Felix Taberna lehen presidenteordea izan da Nafarroako ordezkaritzaren buru, eta Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroa Estatukoan.
Aldaketa hori da bi gobernuek trafikoa bere gain hartzeko aukeratu duten bidea, Auzitegi Gorenak aurretik Nafarroak trafiko eskumena bere gain hartzen zuen Errege Dekretua baliogabetu ondoren.
Adostutako akordioak 49. artikuluaren hirugarren parrafoa aldatzen du, eta honako hau jasoko du: "Nafarroari dagozkio trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloan, bere foru-araubidearen eta lege organiko honetan xedatutakoaren arabera, orain arte dituen ahalmen eta eskumenez gain, Estatuko legeria betearazteko eskumena, bai eta trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko eginkizunak ere".
Gainera, hirugarren lerrokada bat gehitzen zaio 51. artikuluari: "Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloan, Foruzaingoaren eskumenak 49. artikuluan xedatutakoaren arabera arautuko dira".
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak hedabideen aurrean azaldu duenez, "hau lehen urratsa da", aldaketa hainbat fasetatik igaro beharko baita indarrean sartu arte.
Asteazken honetan aurkeztuko dute Nafarroako Gobernu bilkuran, ondoren Nafarroako Kontseiluak hilabete izango du txosten bat egiteko, Gobernu bilkura eginen dute berriz, eta, ondoren, Nafarroako Parlamentuak onartu beharko du testua. Chivitek aurreikusi du hori uda baino lehen gerta daitekeela.
Foru Parlamentua da testuak Nafarroan emango duen azken urratsa, ondoren Gorte Nagusietara pasako baita, Kongresura zein Senatura. Biek onartu beharko dute, Nafarroak eskumena bere gain har dezan. PPk Senatuan duen gehiengoak atzera botako balu, Diputatuen Kongresura itzuliko litzateke, behin betiko onartzeko.
Victor Torres ministroak indar politiko guztien "erantzukizuna" eskatu du, bereziki Senatuko PPren gehiengoarena, erreformari betoa ez jartzeko eta Kongresura ez itzularazteko, eskualdaketa "aurreko legealdian onartu baitzen". "Erantzukizun horri dei egiten diot", errepikatu du ministroak.
Chivitek ohartarazi duenez, PPk "oztopoak jartzen baditu" ez luke "beste batzuetan egin duen bezala" jokatuko. "Ez litzateke koherentea izango Aznarrek trafikoa Kataluniara transferitu zuenean, ez litzateke koherentea izango aurretik izan dituen jarrerekin", gaineratu du.