A21 hauteskundeak
EAJk eta PSE-EEk bilera egingo dute gaur, gobernua osatzeko negoziazioak abiatzeko
EiTB Media
Bilera 11:30ean egingo da Sabin Etxean. EAJren izenean Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Joseba Aurrekoetxea eta Bakartxo Tejeriak parte hartuko dute, eta PSE-EEko ordezkaritza Eneko Andueza, Miguel Angel Morales eta Begoña Gilek osatuko dute. Bestalde, EAJk ez du bilera errondarik egingo.
Iragan igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondotik, gobernua osatzeko elkarrizketak gaur, apirilak 29,abiatuko dituztela iragarri dute EAJk eta PSE-EEk, ohar bateratu batean.
Bilera 11:30ean egingo da Sabin Etxean.
EAJren aldetik Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Joseba Aurrekoetxea eta Bakartxo Tejeria joango dira. PSE-EEren ordezkaritza, berriz, Eneko Anduezak, Miguel Angel Moralesek eta Begoña Gilek osatuko dute.
Gaur zabaldu duten oharrean nabarmendu dutenez, "asmo handiko programa" eta Legebiltzarraren "babes zabala" abiapuntu gisa hartuta, Jaurlaritza "sendoa" osatzea da helburua, Euskadiri "egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea" eskaintzeko eta datozen urteetako "erronka ugariei" aurre egin ahal izateko.
Hauteskunde emaitzei erreparatuta, EAJk eta PSE-EEk egungo koalizio gobernuari eutsi ahalko liokete, gehiengo osoarekin, eta horrek Imanol Pradales jeltzalea bihurtuko luke lehendakari.
Bestalde, EAJko iturriek EiTB Mediari baieztatu diote gainerako alderdi politikoekin ez dela bilera errondarik izango, nahiz eta hauteskunde kanpainan kontrakoa esan.