PEDRO SANCHEZEN GUTUNA
Manos Limpiasek onartu du faltsuak izan daitezkeen informazioetan oinarritzen dela "soilik" bere salaketa
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Miguel Bernard Manos Limpiaseko idazkari nagusiak izenpetuta, oharra kaleratu du talde ultraeskuindarrak. Zehaztu duenez, Begoña Gomezen aurkako salaketa hainbat komunikabide digitalek zabaldutako informazioetan dago oinarrituta. "Epaileari dagokio informazio hori egiazkoa den edo ez esatea".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo zabaldutako gutunaren ondoren, Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarrak oharra kaleratu du, zenbait azalpenekin. Bertan zehazten da Begoña Gomez gobernuburu espainiarraren emaztearen kontrako salaketa "soilik" hainbat komunikabidek kaleratutako "informazioetan" oinarritzen dela, eta onartzen da informazio horiek faltsuak izan daitezkeela. "Instrukzioaren ardura duen epaileari dagokio informazio hori egiazkoa den edo ez esatea", dio, hitzez hitz, Miguel Bernad Manos Limpiaseko idazkari nagusiak izenpetutako idatziak.
El Confidencial, Voz Populi, Libertad Digital, Esdiario eta The Objetive hedabideek argitaratuko zortzi albistetan zabaldutako informazioa dago jasota eskuin muturreko taldeak Madrilgo Instrukzio epaitegian Gomezen kontra jarritako salaketan. Sekretupeko ikerketa ireki du epaileak, influentzia trafikoagatik eta ustelkeriagatik, Fiskaltzak bere iritzia eman baino lehen. Oraingoz, bi kazetari deitu ditu lekuko gisa deklaratzera.
Goizean argitaratutako oharrean, Manos Limpiasek azaldu du "ustezko irregulartasunen berri" hainbat komunikabideren bidez izan zuela, eta horren aurrean Fiskaltzak urratsik eman ez zuela ikusita, "informazioa Epaitegiaren esku" uztea erabaki zuela, "diligentziak abiatu eta horien egiazkotasuna froga dezan".
Hori esan ondoren, Bernadek aitortu du "soilik" hedabideotako informazioa hartu dutela kontuan salaketa jartzeko. "Egiazkoak ez badira", gehitu du, "ardura" argitaratu zutenena da.
Amaitzeko, onartezintzat jo du Sanchezek Manos Limpias "talde ultraeskuindarra" dela esatea, eta haren kontra "eskuinak abiatu duen kanpaina" baten testuinguruan kokatzea salaketa.