Auzitegi Konstituzionala
Konstituzionalak bertan behera utzi du EAEko zenbait funtzionariori buruzko arua, baina ez du eraginik izango
EITB MEDIA
Konstituzionalaren Osoko Bilkurak gehiengoz onartu du Kongresuko Talde Popularreko 50 diputatuk baino gehiagok aurkeztutako errekurtsoa. Konstituzionalak esan du aurrekontuetan soilik negoziatu daitezkeela gastu eta diru-sarrerak; zuzenketa teknikoak, baina, ez du langileen egoera aldatuko.
Konstituzio Auzitegiak gehiengoz onartu du PPko 50 hamar diputatuk baino gehiagok Kongresuan sustatutako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa, eta baliogabetzat eta Konstituzioaren aurkakotzat jo du 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren xedapen bat, Euskal Autonomia Erkidegoari gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei buruzko ahalmen guztiak eman zizkiona.
Alabaina, Konstituzionalaren erabaki horrek ez du langileen egoera aldatuko, langile horien lan egoera orain baliogabe geratu den arauaren aurretik ezarrita zegoen. Konstituzionalak, oraingoan, esan du aurrekontuetan gastu eta diru-sarrerak baino ezin direla negoziatu, eta ez bestelako arauak.
Ildo beretik mintzatu da Eusko Jaurlaritza, epaiaren berri izan ostean zabaldutako oharraren arabera. Jaurlaritzaren iritzian, Konstituzio Auzitegiaren epaiak "ez dio eragiten Euskadiko erakundeek gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako plazak hautatzeko prozesuetan duten eskumenari".
"Praktikan, ebazpen judizialak ez du inolako ondoriorik gaur egun indarrean dauden hautaketa prozesuetan. Eusko Jaurlaritzak euskal autogobernuaren aldeko konpromisoari eusten dio funtzio publikoaren arloan, eta, bereziki, toki-erakundeetarako langileak hautatu eta hornitzeari dagokionez, idazkaritza, diruzaintza eta kontu-hartzailetza azpieskaletan", dio oharrak.
Berme-gorteak ostegun honetan jakinarazi duenez, Konstituzioaren aurkakotzat jotzen duen agindua abenduaren 28ko 22/2021 Legearen (2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa) azken xedapenetako lehena da. Lege horrek Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatzen du.
Xedapen horrek ezarri zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoan, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokienez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean aurreikusitako ahalmen guztiak araudi autonomikoak ezartzen duen moduan bereganatuko dira.
Ahalmen horien artean, besteak beste, honako hauek zeuden: hautaketa, bere lurraldean lanpostu hutsak betetzeko lan-eskaintza publikoa onartzea, lanpostu hutsak betetzeko prozesuetarako deialdi esklusiboa egitea, lanpostuak betetzeko prozesu horietan funtzionarioak izendatzea, lehen destinoa esleitzea eta administrazio-egoerak.