Urteurrena
Gernikak bonbardaketaren sirena hotsak entzun ditu berriro, 87. urtemugaren egunean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Goizean hasi dira ekitaldiak, George Steer kazetari britainiarrari omenaldia eginda eta Bakearen eta Adiskidetzearen Gernika sariak banatuta. Arratsaldean, sirena hotsak entzun ondoren, biktimak omendu dituzte hilerrian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, ostirala, 87 urte bete dira Gernika bonbardatu zutenetik, eta biktimak gogoan, ekitaldi ugari antolatu dituzte Bizkaiko udalerrian. Bertan izan dira Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria eta Angel Victor Torres Memoria Demokratikoaren Espainiako ministroa.
Eguneko lehenengo ekitaldia George Steer kazetari britainiarraren omenez egin dute; izan ere, bere kroniken bidez eman zion munduari frankistek Gernikan egindako sarraskiaren berri. Ildo horretan, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak Palestinako "genozidioan" eta Ukrainako gerran hil diren kazetariak gogoratu ditu, eta haien heriotzak "gerra krimentzat" hartu behar direla esan du.
Eguerdian, Bakearen Gernika sariak banatu dituzte. XVII. edizio honetan, Bakearen Aldeko Borrokalariak eta Mediterraneo Itsasoko Zintzoak taldeek jaso dute golardoa.
Bakearen Gernika sariak. EiTB Media
Bakearen, bizikidetzaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren eraikuntzan egindako lanagatik saritu dituzte bi talde horiek.
Ekitaldian, minutu bateko isilunea egin dute Gernikako bonbardaketatik bizirik irten ostean berriki hil direnen omenez.
Arratsaldean, 1937ko apirilaren 26ko sirena hotsak berriro entzun ostean, hilerrian omendu dituzte biktimak, eta lore eskaintza egin diete bertan.
Gauean, Gernika Garretan kale-antzerkia eskaini dute 21:00etan Foru plazan, eta, toki berean hasita, ibilaldia egin dute kandelekin 21:30ean.