A21
Hamar herritarretik zortzik botoa erabakita zuten hauteskunde kanpaina hasi aurretik
IKER GOMEZ DE LA PEÑA | EITB MEDIA
Jaurlaritzak hauteskundeen ondoren egindako inkestaren arabera, % 70ek esan dute alderdi beraren alde egiten dutela beti, eta % 19k, berriz, botoa "unearen arabera" aldatzen dutela.
Hamar pertsonatik zortzik hauteskunde-kanpaina hasi aurretik erabakita zuten botoa, eta boto-emaileen % 11k, berriz, kanpainak iraun duen bi asteetan erabaki dute. Herritarren % 2k bakarrik argitu dituzte zalantzak hausnarketa-egunean, eta % 7k hauteskunde egunean bertan erabaki zuten zein alderdiri eman botoa, Eusko Jaurlaritzak hauteskunde ostean egindako inkestaren arabera.
Inkesta horretan, boto-fideltasunaren inguruan ere galdetu dute. Herritarren erdiek aitortu dute botoa beti "alderdi berari" ematen diotela; % 21ek alderdi bera hautatzen dute, baina "noizbait" botoa aldatu dutela onartu dute, eta % 19k esan dute botoa bati edo beste bati ematen diotela "unearen arabera", eta % 8k, normalean ez dutela botoa ematen.
Gainera, hamar herritarretik seik esan dutenez, "konbentzituta" eman zuten botoa, eta % 23k erantzun dute nahiago izan dutela "aukera ez hain txarra" babestea.
Botorik eman ez dutenen artean (galdetutakoen % 18 izan dira), emaitzak ikusita euren aukerari eutsiko lioketela esan dute % 81ek, baina % 15ek, berriz, esan dute, egiteko aukera izango balute, bozkatu egingo luketela.
Botoa emateko eskubidea erabili ez zutenek, "politikariekin desengainatuta" egoteagatik (% 31) egin zuten, aukera politiko batek ere ez zuelako konbentzitzen (% 17), edo "bozkatzeak ez duelako ezertarako balio" (% 10).
Hauteskundeak amaituta, hamar herritarretik zortzik ondo zekiten zein izan ziren boto eta eserleku gehien izan zituzten alderdiak, eta % 70ek ontzat edo oso positibotzat jo dituzte emaitzak; % 13k, aldiz, "negatibotzat" jo ditu.
Azkenik, Jaurlaritzan nork egon beharko lukeen galdetuta, % 35ek EAJk eta PSE-EEk gidatutako Gobernuaren alde egin dute; % 17k nahiago dute EAJ-EH Bildu formula, eta % 10ek ezkerreko gobernua, EH Bilduk eta PSE-EEk osatua.